argia.eus
INPRIMATU
Lan erreformaren aurkako protestak areagotu dituzte Frantziako Estatuan
  • Estatu mailako protesta eguna deitu dute ostegunean Frantzian, Gobernuak onartu nahi duen lan erreformaren aurka. Baionan dagoen Europako merkantzia zentroa okupatu du Jusqu'au Retrait kolektiboak. “Ekonomia blokeatzea” da protesten xedea.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 19a
Europako merkantzia zentroa blokeatu dute Baionan. (Arg: Jusqu'au Retrait)

8:00etan okupatu dute ehunka lagunek merkantzia zentroa eta 11:00etan manifestazioa egin dute. Gobernuari  lan erreforma “bertan behera uztea inposatzeko indar desafioa” hasi dela azaldu dute. LAB, CGT, EH Bai eta Aitzina daude mobilizatu direnen artean.

650 langile inguru ditu Baionako merkantzia zentroak eta protesta ekintzak izan du eraginik bere jardueran. Jusqu'au Retrait kolektiboko kideek azaldu dute posta zerbitzua blokeatzea lortu dutela, besteak beste. Auto ilara luzeak ere eragin dituzte.

“Mugimendu indartsua” eraikitzeko deia egin dute: “Greba orokorra egunez egun luzatzea, eta ekonomia blokeatzea da El Khomri legearekin bukatzeko bidea”. Adierazi dute azken hilabeteetako mugimendua “borroka guztien bateratzearen erakusgarri” dela, eta “langile, langabetu, gazte eta erretretadunen” parte hartzea beharrezkoa dela protestarako.

Frantziako Gobernuak dekretuz onartu nahi du lan erreforma, Asanblada Nazionalaren bozka saihestuz. Lan erreformak Frantziako Estatuan duen aurkakotasunak bultzaturik dator erabakia. Horrek haserrea eragin du Frantzian, eta erreformaren aurka egiteko propio sorturiko gizarte eragileek protestak areagotu dituzte. Maiatzaren 10ean ETPM enpresa blokeatu zuen Jusqu'au Retrait kolektiboak.

Lan erreformarekin jarraitzeko asmoa berretsi du François Hollande Frantziako presidenteak. Bere aldetik, Manuel Valls lehen ministroak iritzi du lan kodearen erreforma “ezinbestekoa” dela eta oposizioaren jarrera kritikatu du, “konpromisoz” jardun beharrean, erreforma blokeatu nahian ari direlako.

Rennesen atxilotuak

Frantziako Estatu osoko eragileak zeuden deituta ostegunean protesta egitera. Blokeo saiakerak eta manifestazioak izan dira goiz goizetik. Rennes hirian, esaterako, hemeretzi lagun atxilotu dituzte metroa “saboteatzen” saiatu direnean, iturri ofizialen arabera.

Twitter bidez egin dute Baionako ekintzaren jarraipena: