argia.eus
INPRIMATU
Bukatutako hitzarmenak urte amaierara arte luzatzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak, negoziazioekin segitzeko
  • Uztailaren 7an bukatu ziren lan hitzarmenak abenduaren 31ra arte luzatzeko eskatu du EAEko Legebiltzarrak. EAJ, PSE eta UPyDren akordioarekin atera da aurrera.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 18a
EH Bilduk Espainiatik datorren lan erreformari uko egiteko eskatu du.

Onartutako testuak, lan erreformari ezetz esan dio, eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio “elkarrizketa sozial baten alde” egin dezan.

EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra biltzeko dei berezia egin ondoren dator berria. Espainiako lan erreformaren aurrean zein posizio hartu erabakitzeko egindako bilkura izan da eta Confebask-ek errezeloz begiratu dio batzarrari.

Espainiako Gobernuak onartutako erreformak enpresarioei mesede egiten diela esan du Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak, eta hari uko egiteko eskatu du. PSEk esan du, koalizio subiranistak premiazko bezala egindako proposamenari osoko zuzenketa aurkeztuko diola.

EH Bilduk Confebaski eskatu dio “herri honetako gehiengoak eskatzen duenari bizkarrik ez ematea”.

150 enpresatan soldatak behera

Bestalde, dagoeneko 150 enpresak iragarri dituzte lan eta soldata aldaketak, lan erreformari lotuta. Zenbait lantegitan gutxieneko soldatak aplikatzen hasiko dira abuztuan sartzearekin batera, Zestoako bainuetxean, kasu. Iturri sindikalek adierazi dutenez, bainuetxea daraman Tres Mares enpresa kantabriarrak jada langileei pasa die abisua, uztailaren 31tik aurrera 646 euroko soldata jasoko dutela. Metalean ere horrelako zerbait pasa daitekeela adierazi dute.

‘Gara’ egunkariak argitaratu du, jakinaren gainean dagoela 126 enpresa aldaketak egiteko asmotan direla. Horietako batzuk uztaila bukatzearekin batera ekingo diete aldaketei, eta beste batzuk berriz, abenduan.