argia.eus
INPRIMATU
Lan erreforma “sakona” egitea adostu du Espainiako Gobernuak
  • PSOEren eta Unidas Podemosen artean tentsioa eragin du lan erreformaren gaiak, baina azkenean Unidas Podemoseko Yolanda Diaz ministroaren eskakizunak kontuan hartuko dituztela adierazi dute. Urte amaierarako "egiturazko erreforma" egitea aurreikusi dute.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 03a
Gobernu koalizioak adierazi du lan erreformaren helburua dela behin-behinekotasunarekin, prekarietatearekin eta langabeziarekin amaitzea. / Argazkia: Pxfuel.

Espainiako Gobernu koalizioak konpromisoa hartu du PPren lan erreforma “indargabetzeko”; hitz hori erabili dute bi alderdiek adostutako itun politikoan. Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak El Pais egunkariari azaldu dionez, teknikoki ezinezkoa da legea “indargabetzea”, baina praktikan esan nahi du “erreforma sakona” egin nahi diotela 2012an Mariano Rajoyren gobernuak egindako lan erreformari.

Azken asteetan tentsio ugari eragin ditu gaiak PSOEren eta Unidas Podemosen artean, baina asteartean Pedro Sanchez presidenteak eta Nadia Calviño Ekonomia ministroak onartu egin dituzte Diazen eskakizunak: mahai sozialean eragileekin adostutakoa errespetatuko dutela diote. Gobernuko bi aldeek espero dute azaro amaierarako “egiturazko erreforma” bat hitzartzea eta mahai sozialeko sindikatuekin eta patronalarekin negoziazioa abiatzea. Urte amaierarako lan erreforma prest egotea aurreikusi dute. Itun politikoak jasotzen duenez, “elkarrizketa bidezko akordio orekatu bat” lortu nahi dute: “Erreforma iraunkorra izateko bermea da, Europako Batzordeari Susperraldi Planaren baitan agindutakoa betez”.

Orain hasi beharko dute lan erreforma xehetasunez xehetasun zehazten eta legearen edukia idazten. Gobernu koalizioak azaldu duenez, erreformaren helburu nagusiak dira behin-behinekotasunarekin, prekarietatearekin eta langabeziarekin amaitzea.