argia.eus
INPRIMATU
Lan-erreforma dekretuz onartu nahi du Manuel Vallsek
  • Ezohiko ministroen kontseiluak baimena eman du astearte arratsean Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen lan-erreforma dekretuz onartzeko, Asanblada Nazionalaren bozka saihestuz. Lan-erreformak Frantziako Estatuan duen aurkakotasunak bultzaturik dator erabakia. PSko sektore ezkertiarrena ere ez dago oso kontent erreformarekin, Berriak jaso duenez.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 11
Lan-erreformak Frantziako Estatuan duen aurkakotasunak bultzaturik dator erabakia. (Arg: Nuit Debout)

Parlamentuko gehiengoak ez du lan-erreforma babesten. Testuaren bigarren artikulua da polemika gehien piztu duena: hitzarmen kolektiboen gainetik jartzen ditu enpresen hitzarmenak. Dekretuari aurre egin nahian, zentsura-mozioa lantzen ari dela jakinarazi du oposizioak.

Lan-erreforma dekretuz onartzea ahalbidetzeko erabakiak Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzea ahalbidetzen dio Manuel Valls lehen ministroari; 48 orduko epean zentsura moziorik aurkeztu ezean, bozketa gabe onartu ahal izango du legegaia. Frantziako Gobernuak 2015ean erabili zuen azkenekoz Konstituzioaren 49.3 artikulua, Emmanien Macron Ekonomia ministroak bultzaturiko Macron legea onartzeko.

Manuel Vallsek zentsura mozioa gainditzea lortuko balu, Senatura igaroko litzateke lan kodearen erreforma; Ganbera horretan eskuina da nagusi eta orain arte lan-erreformaren aurrean izan duen jarrera ikusirik, litekeena da aldaketa batzuk egitea. Hala balitz, Asanblea Nazionalera itzuliko litzateke erreforma proposamena. Manuel Vallsek bigarrenez erabili beharko luke Konstituzioaren 49.3 artikulua.

Gizarte sektore ugariren ezinegona eragin du eta erreforma proposamenaren aurkako mugimenduak sortu dira azken hilabeteetan, Nuit Debout ezagunena. Ipar Euskal Herrian ere protestan ari dira erreformaren aurka. Astearte goizean Arrangoitzeko ETPM enpresa blokeatu zuen Jusqu'au Retrait kolektiboak.

“Ezinbestekoa”

Manuel Vallsek iritzi du lan kodearen erreforma “ezinbestekoa” dela eta oposizioaren jarrera kritikatu du, “konpromisoz” jardun beharrean, erreforma blokeatu nahian ari direlako. “Herriak aurrera egin behar du”, adierazi du.

Bere aldetik, erreforma proposamena diseinatzerako orduan Parisek erakutsiriko negoziazio prestutasuna azpimarratu du Myriam El Khomri Lan ministroak:  "Elkarrizketarako borondate zintzoa erakutsi dugu. Mila zuzenketa aztertu ditugu, eta heren bat onartu dira".