Krisialdiak Nafarroan utzitako egoera aztertzeko eta guztiontzako lan duina aldarrikatzeko dinamika da BerDuintasuna. Bertako kideek laneko diskriminazioa salatzeko kanpaldia antolatu dute, urriaren hogeita bira arte Iruñeko Sarasate pasealekuan.
Nafarroako hainbat enpresatan lan egitea “ezinezkoa” dela azaldu du Maider Caminos kanpaldiko bozeramaileak. Izan ere, nafar langileriaren %94 baino gehiago “diskriminatuta” dagoela adierazi du. Bazterkeria hori pairatzen dutenen artean ondorengoak aipatu ditu Caminosek: emakumeak, UGT eta CCOOen afiliatuta ez daudenak, 40 urtetik gorako langileak, migratzaileak eta desgaitasunen bat dutenak.
Berduintasunako kideek “lan eremua demokratizatzeko eta bidegabekeriekin amaitzeko urratsak emateko garaia” dela adierazi dute, Euskalerria Irratiak argitaratu duenez. Nafarroako Gobernuari nahiz Legebiltzarrari egin diote dei, Nafarroako lantokietan “aukera berdintasuna” bermatu dezaten.
Dinamikarekin elkartasuna adierazi du LAB sindikatuak, eta Nafarroako Parlamentua nahiz Gobernuak kontratazioan “aukera berdintasuna bermatzeko neurriak hartu behar” dituztela azaldu du: “Nafar orori lan duina bermatzeko neurriak sustatu beharra dago”.
Bilgune Feministako Lourdes Juantorena eta Kybse enpresako Mikel Bandres izan dira kanpaldiari hasiera eman diotenak. Kanpaldiak iraun bitartean, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak eta zinema daude antolatuak, eta manifestazio batekin emango zaio amaiera.
Ondorengo bideoa prestatu dute dinamika aurkezteko: