argia.eus
INPRIMATU
Lan banaketak
  • Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.

Mattin Jauregi Inaxio Arin Balerdipeko erleak @balerdipeko 2024ko maiatzaren 06a
Ezkerrean erle langilea eta eskuinean erlamandoa. Argazkia: beeprofessor.com

Erregina, jaio orduko hasten da bere giharrak lantzen, ahalik eta indartsuen jartzeko. Jaio eta egun gutxira bere eztei bidaia hasten baita, ernalketa hegaldiak...

Hegaldi horietan estaltzen dute erlemandoek, eta baita bizitza guztirako bere lanak finkatu ere: erregina ernaltzen dute, beraz, arrautzak errutea du bere zeregina hil arte.

Erle langileen kasua gizakiona bezalakoa da; erle langilearen gorputza garatzen doa eta garapen zikloaren arabera lan ezberdinak egiten ditu:

Haurtzaroa erlea jaio den gela (abaraska) garbitzearekin hasten da. Ondorengo egunetan, bere ahizpekin batera, erle bilakatuko diren larbak elikatzeari ekiten dio. Gizakiak ere hobe luke jaiki eta norberaren gela garbitu.

Nerabezaroan erlauntzako mantenimendu lanak egiten dituzte: ahizpa zaharrek ekarritako janaria (polen, nektar, propolia) biltegiratzen dute eta puskatutako abarasken zatiak konpontzen dituzte (argizari guruinak garatuta dituzte). Gizakiak ere hobe luke garaian dagoena biltzea, ez dagoenean eduki ahal izateko.

Heltze prozesuan lehenengo hegaldiak egiten hasten dira erlauntzaren inguruan, ondoren polen, nektar, propoli eta ura biltzen hasteko. Bilketa hori bere ahizpa gazteei pasako die haiek biltegiratzeko. Lan honetan bere bizitzaren azken egunera arte jarduten da, hiltzera erlauntzatik urrun joaten den arte. Gizakiak dio lana osasuna dela, baina azken urteak jubilatuta pasa nahi…

Erlamandoaren funtzio nagusia jaiotzen diren erreginak estaltzea da, nahiz eta erlauntzaren tenperatura erregulatzeko lanetan ere parte hartzen duen. Erlamandoak badu alfer fama, besteren kontura bizi dela diote…Porrotxek dio “erle mandoa, arra arroa, bete mesedez janariz ahoa, banoa egun pasa ligatzera, demasa, udan kaixo bonbon, neguan hor konpon…”.

Neguan langileek erlauntzatik bidaltzen dituzte erlamandoak, ez dutelako eginkizunik egiteko eta alferrik ez dituztelako zainduko.