argia.eus
INPRIMATU
Lan baldintzak hobetzea eskatzeko, ikasle elbarrien laguntzaileek greba egin dute Baionan
  • Ikastetxeetako ikasle elbarrien laguntzaileek lan baldintza "txarrak" eta "soldata baxuak" salatu dituzte. Haien helburua Frantziako Hezkuntza Ministerioak langileei funtzionario estatusa ematea lortzea da, egoera honi amaiera emateko.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 04a
Ikasleen laguntzaileen greba Baionan / Argazkia: FSU Savoie

Baionako ikasle elbarrien laguntzaileek greba egitea erabaki dute, "lan baldintza txarrak" eta "soldata baxuak" dituztelako. Eskola-orduetan lan egiten dutenez, lanaldi partzialak egin behar izaten dituztela salatu dute: “Gainera, ez dugu ordainsaririk jasotzen prestaketa-denboragatik”. 900 euro inguruko soldata dute hilean, Frantziako pobrezia-mugaren azpitik.

FSU-Snuipp eta FO sindikatuek deitu dute greba Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan. Berriak jaso ditu antolatzaileen hitzak: “Zaila zaigu greba egitea, lan baldintza oso txarrak ditugulako”.

"Ministerioari behin eta berriz eskatu diogu prekarietatetik ateratzeko eta etorkizun profesional hobea bermatzeko, eta premiazko neurri horiek ukatu dizkigute", adierazi du FSUk (Federazio Sindikal Bateratua). Egoera hobetze aldera, FSU-Snuipp sindikatuak Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatu dio laguntzaileei funtzionario estatusa emateko hiru urteren ondoren, kontratu mugagabeekin eta soldata igoerarekin. Halaber, lanbideen bateratzea etetea eta lanaldi osoko lanpostuak eskaintzea eskatzen dute. Sindikatuak adierazi du hemendik aurrerako xedea nahi dutenek denbora osoz lan egin ahal izatea dela.