Pertsona guztiek ez dute bizitza arriskuan jartzen Lampedusara iristeko: turismoa da irlaren motor ekonomiko nagusia. Bi errealitate arras desberdin, elkarri bizkarra emanda.
Egun, inor gutxik defenda dezake turismoa ona denik ingurumenarentzat; aski ezagunak dira pertsonen masifikazioak eragiten dituen inpaktu kaltegarriak ekosistema batean. Azpiegiturak eraikitzeko espazioaren okupazioa eta suntsitzea; ura bezalako oinarrizko baliabideen gehiegizko erabilera; kutsadura, hondakinak… Ekosistema asko desorekatu eta hondamendira eramateko gai da jarduera hau.
6.000 biztanleko irlak udako hilabeteetan 30.000 lagun hartzen ditu
Lampedusa bezalako irla txiki bat, urtean zehar 6.000 biztanle dituena, udako hilabeteetan 30.000 pertsona izatera iristen da. Egoera ezohiko hori ez da egokiena bere lurraldearen zati handi bat babestuta duen irla honetan, baina ez dugu ahaztu behar bertakoen ekonomian eragin positiboa duela. Edo hori pentsatzera irits gaitezke hasieran.
1986. urtetik aurrera turismoa areagotzen joan da turkesa koloreko urak dituen irla honetan, eta horri erantzuna emateko biztanle askok beraien diru-iturriak jarduera horretara bideratu dituzte; horren ondorioak nahiko argi nabari daitezke gaur egun. Turismo garaia hilabete gutxi batzuetara mugatzen denez, bertako herritar gehienek ez dute urte osoan lan egiteko aukerarik. Hori horrela, izugarrizko dependentzia sortua da dagoeneko turistekiko, udan sortzen den masifikazioaren irabaziez bizi baitira urte osoan zehar. Gainera, historikoki izan dituzten jarduerak alde batera utziak izan dira, etxeko ekonomiak mantentzeko dibertsifikazioa murriztuz eta zaurgarriago eginaz. Galera handiena izan duen sektorea arrantzarena izan da, eta horrekin batera arrain kontserben industria, garai batean irlako garrantzitsuena.
Herritarren egoera hori nahikoa ez balitz, azken urteotan Lampedusa Europaren lotsaren sinbolo bilakatu da; askok amaitzea lortzen ez duten bidaia baten lehen geltokia. Hemengo errealitatea hain da konplexua, oso zaila baita astebetean ulertzen; sekretismoak eta desinformazioak bustitako errealitatea da, non itsasontzi militarrak gauaren babesean ehunka pertsona garraiatzen dituzten isilpean, inork begiratzen ez duenean eta turistak beren oporrez gozatzen dabiltzan bitartean. Hainbat errealitate paralelo sortzen dira, elkarren ondoan egunero topo egiten dutenak, eta jakitunenari ere zail egiten zaio hitzez azaltzea begiek ikusi eta barrenak sentitzen duena.
Benetan mingarria da lehen pertsonan egoera tamalgarri honen aurrean ezer ere egin ez dezakeen ikusle bilakatzea. Testigu izan gara egungo sistema ekonomikoa zenbateraino izan daiteken krudela bizitzarekin, zein gupida gutxi duen bai bertakoekin baita beren herrialdeetatik bizitza berri bat martxan jartzeko gogoz abiatzen direnekin. Bidaia benetan garesti ateratzen zaie haietako batzuei.
Egoera honen aurrean, nor gara gu inor epaitzeko? Zein da Europa Lampedusa eta lampedusarrei beren irlako errealitatea nola kudeatu behar duten esateko? Edozein gizakiri handia geratzen zaigun egoera lazgarri honetan, boteredunak eta aberatsak beti dira garaile; gizatasuna kontuan izan gabe eta pertsonekin negozioa eginez, beren poltsikoak gehiago betetzeko edonon topatzen dute aukera.