argia.eus
INPRIMATU
‘Laminosine’ ikuskizuna eskainiko dute Oztibarreko nerabeek Zarautzen
  • Oztibarreko Bunuztar Xoriak dantza taldeak Laminosine ikuskizuna sortu du. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz, hamahiru nerabek kontakizun eta pertsonaia mitologikoak taularatzen dituzte, antzerkiari eta ipuinari ere tokia eginez. Lehen hiru saioak Ipar Euskal Herrian eman ondoren, Zarautzen egingo dute laugarrena abenduaren 28an, herriko Jalgi dantza taldearekin elkarbanatuz eszenatokia.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko abenduaren 28a
Dantzari gazteak, irakasleekin (Argazkia: Banuztar Xoriak)

Laminosine zulo bat da, Oztibarreko (Nafarroa Beherea) ur putzu sakona. Esaten da lamiak daudela bertan, eta itsasoari lotuta dagoela. Inguruko errekak urik gabe geratuta ere, antza Laminosine handitu egiten da itsasgorarekin, eta apaldu itsasbeherarekin. Putzura ostera egin nahi izatekotan, oinez joan behar da, nahitaez. Bertan egon dira Oztibarreko Bunuztar Xoriak dantza taldeko dantzariak, eta orain Laminose Euskal Herriko txoko ezberdinetara daramate, ikuskizun formatuan.

Donaixti-Ibarren estreinatu zuten urtebetez landutako ikuskizuna, eta Donapaleu eta Senperetik igaro ostean, Zarautzen egingo dute geldialdia abenduaren 28an, Lizardi Kiroldegiko areto berrian ikuskizuna taularatzeko. Antolatzaileek nahiko lukete “ahalik eta zarauztar gehien elkartzea emanaldian”, eta uste dute Zarautzetik kanpo ere hedadura izan dezakeen ekitaldia dela, “iparraldekoak direlako, gazteak direlako, eta kultur transmisioarekin eta mezu argiarekin datozelako”.

Bunuztar Xoriak dantza taldeko hamahiru nerabek osatzen dute Laminosine ikuskizuna. Jenofa Bacho dantza taldeko elkartekideak Kanalduderi azaldutakoaren arabera, helburu nagusi batekin abiatu zuten ikuskizuna sortzeko prozesua: nerabeen artean dantzarekiko motibazioa bultzatzea. “Esan behar da azken bi urteetan, COVID-ak inposatu dizkigun baldintzak direla medio, dantzari batzuk galdu ditugula. Egon diren dantzarien gain dantzan segitzeko motibazioa ere pixka bat apaltzen sentitu dugula. Dantza kurtsoak gelditu behar izan ditugu, ondotik orenak aldatu, eta ikusgarrik ez zen gehiago ematen ahal. Orduan, egia da motibazioa azkarki apaldu dela, eta sentitzen genuen zerbaiten beharra zegoela motibazio hori berriz pizteko eta gure gazteak atxikitzeko”.

Kultur transmisioa lantzeko ere baliatu dute proiektua. Joana Erdozaintzi Etxart dantzari eta dantza irakasleak Ipar Euskal Herriko Hitzari azaldu zionez, “ohartu gara gazteek ez zekizkitela Oztibarreko mitologiako istorioak; guri amamak kontatzen zizkigun”. Hortaz jabeturik, mitologiari buruzko saioa antolatu zuten Claude Labat-ekin, eta bigarren saio Oztibarreko adineko jendearekin, zekizkiten istorioak kontatzeko. Hala bada, ikuskizunak euskal mitologia du ardatz, eta gazteek arbasoen ipuinak iruten dituzte ikuskizunaren bidez.

Dantza da ikuskizunak darabilen adierazpide nagusia, eta uztartu egiten ditu euskal dantza tradizionala eta dantza garaikidea. Bachoren hitzetan, “ideia zen euskal dantza tradizionaletik at irekidura bat proposatzea”. Dantzarekin tartekatuz, ipuinak eta antzerkiak ere badute tokia, eta zuzeneko musikak jartzen dio soinua ikuskizunari. Dantzaren bide beretik, musika alorrean ere soinu tradizionaletik abiatzen dira txistu, perkusio, alboka, eskusoinu eta teklatuak, “musika berriak” sortzeko, Zarautzeko antolatzaileen arabera.

Sorkuntzari forma ematen aritu dira Joana eta Jenofa Erdozaintzi Etxart dantza irakasleak, Jokin Irungaray kontalaria eta Fanny Marmayou koreografoa. Pozik mintzo da emaitzaz Erdozaintzi Hitzan: “Biziki maite dut. Biziki pasarte hunkigarriak badira, galdegin baitiegu haien baitarik ematea”.