argia.eus
INPRIMATU
Lamiakoko ibaipeko autobidearen aurkako manifestazioa egingo dute otsailaren 8an, Bilbon
  • Subflubiala EZ! plataformak salatu du proiektuak ez diela "herritarren benetako beharrei" erantzuten, eta ingurumenean, gizartean eta ekonomian "inpaktu larriak" eragiten dituela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 04a
Subflubiala EZ! plataformak eginiko prentsaurrekoa Hiruka komunikazio-taldea (CC BY-SA 2.0)

Subflubiala EZ! plataformak deituta, Bizkaiko Foru Aldundiak Lamiakoko ibai azpian eraiki behar duen autobidearen aurkako manifestazioa egingo dute otsailaren 8an, Bilbon. Plataformak salatu duenez, proiektuak "ez die herritarren benetako beharrei erantzuten", eta, gainera, "ingurumenean, gizartean eta ekonomian inpaktu larriak eragiten ditu".

Getxo eta Portugalete Ibaizabal itsasadarraren azpitik autobide batekin lotzeko proiektua gaitzesteko bost arrazoi eman ditu Subflubiala EZ! dinamikak, astelehenean eginiko prentsaurrekoan: ez duelako laguntzen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten; helburu klimatiko ofizialen aurka doalako, Bizkaiko Foru Aldundiak berak, Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Gobernuak eta Europar Batasunak ezarritako mugikortasun jasangarriko helburuak urratzen baititu; ez duelako mugikortasunaren plangintza integralik; kostu ekonomikoarengatik, obrek 500 milioiko balioa baitute; eta, azkenik, tunelen sarreretatik hurbil dauden eremuek zarata, kutsadura eta bibrazioak jasango dituztelako obrek irauten duten bitartean.

Manifestazioa otsailaren 8an egingo da, 17:00etan, eta Bilboko Arriagatik abiatuko da. Deialdiak dagoeneko 50 kolektibo baino gehiagoren babesa du: horien artean, Greenpeace erakundearena.