argia.eus
INPRIMATU
Lakaxita gune autogestionatua botatzeko asmoa du Irungo Udalak
  • Hirigintza plan batean zehaztu du egun eraikina dagoen lekuan lorategi bat jartzea. Gazteak arduradun politikoekin harremanetan jarri dira.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko martxoaren 18a

Egungo Lakaxitaren lursail berde zabalaz gain, eraikina kokatzen den lekuan zuhaitz batzuk landatzea proposatzen dute hirigintza planean. Lorategia metro karratu batzuk gehiago zabaltzeko, Udal Gobernuaren gehiengoak ezinbestekoa ikusten du eraikina eraistea. Horretarako, diru publikoko 1.300.000 euro gastatzeko asmoa dute Lakaxita osatzen duten lur eremua eta etxea bera erosteko.

Egoera horren aurrean, Lakaxitako kideak udalbatzara joan dira eraikinaren kontsolidazioa eskatzera. Hirigintza Batzordeko lehendakaria den zinegotziak beraiekin kontaktuan jartzeko interesa azaldu du, zuzenean Lakaxitan teknikari bat sartu asmoz. Gazteek, ordea, planaren eta beraien egoeraren inguruko bitartekaririk gabeko informazio zehatza eskatu diote: "Bertako beste edozein bizilaguni eman beharreko bidezko informazioa da". Lakaxitako asanbladara gonbidatu dute zinegotzia, baina ez da agertu ez delako teknikarien lan orduan sartzen. Egoera horren aurrean, gazteek jakinarazi dute aste honetan bilera bat egingo dutela udaletxean EAJko zinegotziarekin.

Elkarrizketa bide bat irekita egon arren, ohartarazi dute alkateak hedabideen bidez berretsi duela Lakaxita botatzeko asmoa: "Proiektuaren bideragarritasunaren izenean bertako etxebizitza gehienak mantentzeko asmoa dutela esan arren, armarritzat dituzten hiritarron eskubideak urratu eta informaziorako zein interpelaziorako ditugun eskumenak bortxatzen ari dira".

2012an onartu zuen Irungo Udal Gobernuak San Miguel eta Anaka auzoetarako hirigintza planaren lehen proposamena, eta iragan astean berretsi zuen bigarren moldaketa. Lakaxitako kideek salatu dute urte horietan guztietan ez beraiek eta ez gainerako auzokideek ez dutela egitasmoaren inguruko inolako informaziorik jaso, eta ez zaiela prozesuan parte hartzeko aukerarik eskaini.

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.