argia.eus
INPRIMATU
Laino guztien gainetik...

Pablo Sastre 2021eko abenduaren 17a

Eztabaida zientifikorik ezak, autoritarismoak eta gehiengoaren obedientziak segitzen dute markatzen birus baten pasaeran eraikitako pandemiaren bigarren urtealdia.

Batzuen ustez, osasunaren desjabetzea eta giza-esperientzia osoaren erauzketa ezaugarri dituen kapitalismo aro berriaren baitan ulertu behar da gertatzen ari dena. Gertakari hauek, Yuval Noah Hararik, besteak beste, iragarritako homo sapiens-aren gainbeherarekin lotzen dituzte beste batzuek.

Gerra nola doan, etorkizuna nola datorren, gutxi-asko, guztiok sumatzen dugu; horren araberan hartzen ditugu erabakiak eta posizioak.

Hitz bitan esateko: Ezean daudenak eta ezezkoak bazterrean geldituko dira. Baiezkoei, berriz, alditik aldira barrukian bizitzeko baimena luzatuko zaie, beste dosi bat hartuz gero noski, aldiro eskatuko zaiena.

Ukatzaile batzuek, beren ihesean, beren arima gal edo salba dezaketen konbate moduan hartu dutena, “txertatu ala hil eginen zarete” gurutzada moduan ulertu dute, beren oldarrean, mantsoen buruzagiek.

Bart gauean, asko zekien batek, txertatuta ez daudenak ospitaleetan ez artatzea iradoki zuen irratian. Txertatu nahi ez dutenei que les den pasaporte ateraldi makabroa arrunt bihurtua Espainia aldean... Armak airean eta haginak zorrotz dabilzkigu ehiztariak.

Osasunaz eta askatasunaz bat, kontzientzia (gizakiek euren existentziaz eta euren ekintzez daukaten ezaguera) izan da izurriaren biktima nagusia.

Sarritan, gure kontzientziari eskapu egiten dio gertatzen ari denaren larriak; horregatik ez dakigu deitoratzen; horregatik ere eta arrazoi gehiagoz, ez dakigu gaizki dagoenaren aurrean matxinatzen.

Kontzientzia... zientziatik heldu da?... Bai; izurriaren beste biktima handi bat izan da zientzia.

Kostata baina, “normalitate berriak” zer esan nahi zuen, misterio hura, badoa pixkanaka argitzen.

Populazioaren zati handi bat txertoen esperimentuan abiarazi eta gero, mundu zabaleko pobre izenekoei txertoa nola helarazi eta han-hemengo heretikoak txerta daitezen nola behartu arazi, kalkulatzen dabiltza planetako nagusiak. Bide horretatik, orain, osasunarekin, osasun onarekin behintzat, izenetik hara, zer ikusteko askorik ez daukan osasun-pasaportea ezarri digute.

Dagoeneko desmandatuei eta disidenteei debekatua zaie taberna eta jatetxeetan, antzoki eta zineetan, kirol instalazio eta kontzertu-aretoetan sartzea.

Ezer ez eta festa!: disidente horietako batzuek, leku horiek guztiak erregulatuentzat utzita, dibertsioa, denbora-pasa eta kultura euren espazio eta maneretan egiteko xantzatzat hartzen dituzte debeku horiek.

... Eta sasi guztien azpitik: bizimodu berriak, poliki-poliki, bizigaiak atzemateko, hara eta hona ibiltzeko, osatzeko, hezteko... baldinba, auzo aldean, lagun artean bestelako espazio eta sareak sortzera bultzatuko ditu.