argia.eus
INPRIMATU
Laikotasunaren bidean, urrats bat Errenteriako Udalean
  • Eliza katolikoak immatrikulatu dituen herriaren ondasunak herriari itzultzeko izapide politiko zein juridikoak egitea eta Eliza katolikoak bere ondasunengatik duen zerga salbuespena OHZ ez ordaintzearena deuseztatzeko behar diren izapideak egitea onartu du, besteak beste, udalbatzak.

Ikerne Zarate @zarateikerne Oarsoaldeko Hitza 2019ko urriaren 31
Laikotasunaren aldeko mozioa onartu zuen plenoak atzo, EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriaren babesarekin. Argazkia: Ikerne Zarate

Laikotasuna izan zuten hizpide atzoko plenoan. Orereta Laikoak taldeak mozioa aurkeztu zuen, eta gaiaren gaineko eztabaida luze bezain aberatsa piztu zen. Jesus Gonzalez taldekideak aurkezpen txikia egin zuen. Erakunde publikoek laikoak behar dutela izan uste duela Orereta Laikoa taldeak esan zuen, “gutxienez akonfesionalak”.

Atzo mozioa defendatzen ez luketela izan behar esanez hasi zuen hitzartzea Gonzalezek. Izan ere, berez aspalditik gaindituta behar lukeen eztabaida dela sinistuta baitaude, “zoritxarrez ez da horrela, eta badakigu ere herritar gehienak ez dituela kezkatzen gai honek, baina badakigu eskatzen duguna zuzena eta onuragarria dela”.

Benetako administrazio laikoa izateko garaia dela esan zuen; ezinbestekoa dela benetako berdintasuna lortzeko, “sinesmenez ari gara, eta denok joko zelai bera behar dugu”. Errenteriako Udalak, eliza katolikoak bizitza publikoan sustatu eta gauzatzen dituen ohitura eta ekintzekiko aldaketak zein pausuak eman nahi zian baditu ere, erabaki horiek ez direla nahikoa izan benetako administrazio ez konfesionala lortzeko bidean azaldu zuen, eta horregatik aurkeztu zutela mozioa.

Bost puntu bildu zituzten mozioan udalbatzak onar zitzan. Eliza katolikoak immatrikulatu dituen herriaren ondasunak herriari itzultzeko izapide politiko zein juridikoak egin ditzala udalak; eliza katolikoak bere ondasunengatik duen zerga salbuespena OHZ ez ordaintzearena deuseztatzeko behar diren izapideak egin ditzala; bizitza berri bati ongi etorria eman edo heriotzagatik dolua adierazteko modu zibilak baliatu nahi dituzten herrikideentzat, egokiagoa eta erosoagoa den eremua eskatu diote halaber udalari; udalak antolatu edo diruz laguntzen dituen jaien egitarauetan jarduera erlijiosorik ez agertzea; eta azkenik, udalak urtero hainbat elkarterekin edo bestelakoekin egiten dituen hitzarmenetan ez dadila izaera erlijiosozko jarduerekiko konpromisorik hartu.

Elkarrekin Errenteriak erlijio askatasuna babesten duela esan zuen Ion Collar udal talde horren bozeramaileak, “erlijio guztiek duten eskubide demokratikoa da baina, erlijioa, eremu pribatuari dagokio, haren gaineko heziketa gurtze eremuetan eman behar da eta ez erakunde edota eskola publikoan”.

Txanpon beraren bi aurpegi

Laikotasuna eta demokrazia txanpon beraren bi aurpegiak direla esan zuen Collarrek, eta eliza katolikoa “paradisu fiskalean” bizi dela, “ez ditu bere ondasun edo diru sarrerak deklaratu behar, ezta dagozkion zergak ordaindu, eta gainera, diru publikoarekin, guztion diruarekin finantzatzen dute. Ikastetxe publiko batzuetan erlijioa ematen duten pertsonak daude oraindik, eta funts publikoz finantzatutako kutsu erlijiosoa duen ikastetxe ugari dago, eta kode penalak, biraoa delitutzat jotzen du”.

Eliza eta estatuen arteko banaketa aldarrikatu zuen Collarrek, “jendartearen osasun demokratikoa bermatu eta emakumeen eta gutxiengo sexualen eskubideak, bereziki. Azken horien eskubideak sistematikoki urratzen ditu erlijio ezberdinen injerentziak”. Autofinantzaketa ere aipatu zuen, eta eliza katolikoak halako kudeaketa behar duela esan zuen.

Kultura laiko eta berdinzalea sortzearen aldeko deia egin zuen, gainera, “eta hori batez ere kargu publikoa dugunoi dagokigu”.

Herriko egoera zein den zehazki ezagutzea gustatuko litzaiekeela esan zuen EAJko Elixabete Muruak, “zenbat eraikin dauden immatrikulatuta, zenbat OHZ ez diren ordaintzen, eta zein motatako eraikinak diren horiek. Hori guztia jakiteko aproposa ikusiko genuke azterketa bat egitea. Argi dugu udalak ez duela eragiteko eskumen handirik halere”.

Eusko alderdi Jeltzalea alderdi akonfesionala dela erantsi zuen Muruak, eta herritar guztiek eskubide bera dutela jaiotza, heriotza eta bizitzaren beste gertaeren aurrean egiten diren ospakizunak modu zibilean egiteko baliabide duin batzuekin, “hau bai da gure eskumena, udalarena”. Azken bi puntuekin ezin dela hala nola erabaki esan zuen Muruak eta bizikidetzari egin zion erreferentzia, “erlijioarekin lotuta egoteaz harago tradizioa diren ekitaldiak badira herri honetan eta kultura eta tradizio ikuspegitik mantentzea merezi dutenak. Ziur gaude gainera, herritar askok ideia honekin bat egiten duela”.

Iñaki Ruiz alderdi sozialistaren izenean mintzatu zen puntu honetan, eta mozioa interesgarria zela aitortuta, azken bi puntuekin azaldu zuen kezka EAJk egin bezala. Sinismenak, eremu pribatuan kokatu zituen “askatasun indibiduala da”. “Mozioak dio, erlijioak direla administrazio publikoetan eragiten duten bakarrak direla, ez da egia, badirelako beste konbikzio batzuk erlijiosoak ez direnak eta ezartzen direnak administrazio publikoak parasitatuta, horren adibide da fatxadatan mota jakin bateko lazoak jarri edo bestelako kartelak kokatzea”.

Orain zazpi urte ere laikotasunaren gaineko mozioa landu zutela udalean ekarri du gogora EH Bilduko Bernar Lemos zinegotziak, “ez zen orduan atera, baina orain aukera berri bat dugu gaia lantzeko”. Laikotasuna kontzeptu inklusibo gisa ulertu behar dela nabarmendu zuen, pertsonen arteko berdintasuna bermatzearen sinonimoa dela administrazio laikoa, “hark bermatu behar du eskubideak betetzen direla, batez ere emakumeen eta homosexualen kasuan”. Laikotasunak ezberdintasunerako eskubidea bermatzen duela, eskubide ezberdintasunik gabe erantsi zuen.

Mozio transakzionala

EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak mozio transakzionala aurkeztu zuten, eta Orereta Laikoaren mozioaren erredakzioan aldaketa proposatu zuten laugarren eta bosgarren puntuetan. Udalak izan behar duen izaera laikoa dela eta izaera erlijiosoa duten ekintzak antola ez ditzan eskatzen dio eta udalbatzak norberaren izenean ez bada haietan parte har ez dezan eskatzen dugu; halaber, udalarekin lotura duten eta herriko eragileengandik datozen ekintza erlijiosoen kasuan gogoeta eta lan prozesu bat martxan jartzea eskatzen da, haien proposamenak izaera hori alde batera utz dezaten, eta honela administrazioak orokorrean, eta udal honek zehazki bultzatu eta bermatu behar duen laikotasuna bermatu ahal izateko.

Bosgarren puntuan berriz, udalak elkarte kultural batzuekin urtero sinatzen dituen araututako diru laguntzetan eta bestelako diru laguntzetan izaera erlijiosoa duten ekintzak ez egiteko konpromisoa har dezan eskatu zuten bi alderdiek.

Etenaldia egin zuten alderdiek proposamen berri aztertzeko aukera izan zezaten eta bozkatzera pasa ziren ondoren. Bozkatu aurretik Orereta Laikoa taldeko kideak hitza hartu zuen berriro esateko beraien proposamenak ez duela bereizkeriarik egiten, “guk ez dugu ezer inongo erlijioaren kontra. Ongi deritzogu katolikoek hala nahi badute beren profesioak egitea, ez zaiguna normala iruditzen da udal txistulari taldea atzetik joatea eta jai egitarauan azaltzea udalak lagunduko duela prozesio hori; eska dezatela baimena denek bezala beren prozesioa egiteko eta ez dadila diruz lagundu inongo ekintza erlijiosorik”.

Mozio transakzionala bozkatu zuten lehenik eta aurrera egin zuen gobernu taldea osatzen duten alderdien aldeko botoekin; EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Gauza bera errepikatu zen Orereta Laikoa taldeak aurkeztutako mozioa, babes berak jasota egin zuen aurrera haien mozioak.