argia.eus
INPRIMATU
Laguntza humanitarioko hogei kamioi sartuko dira Gazan, baina gutxienez 100 behar dira NBEren arabera
  • Printzipioz ostiral honetan sartuko dira lehenbiziko hogei kamioiak Gazan. Abuztuan, egunero 400 kamioi inguru sartzen ziren.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 20a

AEBek puntua beraientzat apuntatu nahi dute eta ulertzera eman nahian dabiltza haiei esker sartuko dela laguntza humanitarioa Gazan –urriaren 7an eten zuen Israelek sarbidea, Hamasen erasoaren ondoren; lehen, eguneroko jarduna zen–. AEBetako iturriek diotena da Israeli presio egin diotela Egiptorekin batera, eta adostu dutela azkenean laguntza humanitarioen sistema berrartzea.

Gauzak ondo bidean, ostiralean sartuko dira lehenbiziko hogei kamioiak Gazan. Hondaturik daude inguruko errepideak, Egiptoren lurretakoak, Israelen bonbardaketen erruz. Zortzi orduko lana izango dela esan dute komunikabide arabiarrek.

Laguntza humanitarioa itzuliko dela zabaldu bezain pronto, azkar batean hitz egin du baina nahiko baxu kexatu da Nazio Batuen Erakundea. Alde batetik "pozik", gutxieneko zerbitzu batzuk sartuko direlako, baina beste alde batetik ez direla nahikoa esan du; gutxienez 100 kamioi beharko lirateke haien arabera. AEBek diotena da "hasteko modu bat" dela.

Israelen enegarren eskalada aurretik, egunean 400 kamioi

NBEren parte den UNRWA agentziak –errefuxiatu palestinarren gaietan aritzen da– adierazi du 12.000 kamioi pasatu zirela guztira Egiptotik Gazara. Alegia, eguneko 400 inguru. Gehien-gehienak, ordea, Kerem Shalom pasabidetik igaro ziren, eta gaur egun itxita dago. Irekiko dutena bigarren pasabiderik handiena da, Rafah-ekoa.

Ura, jatekoa eta hornigai medikuak, baina erregairik ez

AEBek esan dute "ordu luzeko negoziazioa" egin dutela Israelekin. Adostu dutena da ura, jatekoa eta medikamentuak ahalbidetzea, baina erregairik ez, Israelek uste duelako Hamasek erabiliko duela lehergailu gehiago fabrikatzeko.

Beraz, anbulantziek funtzionatu ezinda jarraituko dute, eta larrialdi kasuetan eta elektrizitateak huts egiten duenean, ezer gabe geratuko dira.