Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Save the Children GKEk jakinarazi duenez, 10 urtez azpiko 130.000 haur inguru isolaturik daude Gazako zerrendaren iparraldean, Israelgo armadak azken hilabeteotan egindako erasoen eraginez. Laguntza humanitarioa ezin irits daiteke bertara, edo gutxienez ez du halakorik egin azken 50 egunotan, GKEren arabera. Hortaz, haur horiek eta haien familiak kanpo-laguntzarik jaso gabe daude; ez ura, ez elikagaiak, ez botikak.
Bertara fisikoki iristeko zailtasuna ez ezik, Israelgo indar polizialen jazarpena ere aintzat hartu behar dela esan du Save the Children-ek: izan ere, Nazio Batuen Erakundeak propio eskatu dio Israeli eta estatu okupatzailearen armadari berma diezaiotela laguntza humanitarioaren iristea. Israelek, ordea, ez du halakorik onartu.
Gaza iparraldeko beste zenbait lekutara doazen laguntzak ere ez dira ari iristen, Israelek sarbidea ukatzen dietelako. GKEk berak emandako datuen arabera, hamar kamioitik bati soilik ematen zaio baimena.
Save the Childrenen arabera, hildako ia 45.000 palestinarren %44 inguru 10 urtez azpiko haurak dira.