argia.eus
INPRIMATU
“Lagundu Argitzen”: Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzen jarraitzeko elkartasun ekitaldia
  • Zaldibarko zabortegia amildu zenetik ia urtebete igaro den honetan, elkartasun ekitaldia antolatu dute ondoko helburuekin: gertatu zena oroitzea, erantzukizunak eskatzea eta epaiketan herri akusazioa martxan jartzea. Ekitaldia urtarrilaren 23an egingo da Eibarko Armeria Eskolan.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 14a

Otsailaren 6an beteko da urtebete Zaldibarko zabortegia amildu zenetik, bi langile lur azpian hartuz. Gertatutakoa argitzeko eskatuz dihardute herritarrek ordutik, eta bide horretan "Argitzen Lagundu" ekitaldia antolatu dute Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Ekitaldia istripuaren urteurrena baino egun batzuk lehenago egingo da, urtarrilaren 23an, 12:30etatik aurrera Eibarko Armeria Eskolan.

Gertatu zena oroitzea, erantzukizunak eskatzea eta epaiketan herri akusazioa martxan jartzea dira ekitaldiaren xedeak, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Bildutako dirua erabiliko da herri akusazioaren epaiketa kostuei aurre egiteko.

Hainbat artistak hartuko dute parte ekitaldian, izan dantzari, musikari zein bertsolari. Bertaratzen denak oholtza gainean ikusi ahalko ditu Petti, Liher, Olatz Salvador, Miren Amuriza, Udane Eskudero, Aritz Salamanca, Antton Fernández, Aiora Etxebeste, Mattin Etxebeste, Sastraka, Miren Narbaiza, Zaloa Urain, Maite Mursego, Nerea Ibarzabal, Eneko Sagardoy eta dantzariak, Nerea Ariznabarretak aurkeztuta.

Sarrerak 10 eurotan erosi ahalko dira Eibarren (Guridi), Zaldibarren (Imendia), Elgetan (Haizea) eta Ermuan (London). Online eskuratzeko aukera ere egondo da, entradium webgunean.