Gaurtik igandera arteko Haria buletinetan Durangoko Azokari buruzko albiste, iritzi eta adierazpenak bilduko ditugun arren, Juan Mari Lekuona poeta eta euskaltzainaren hileta-elizkizunen inguruko albistea ere jasoko dugu gaur. Izan ere, atzo (6) eman zioten azken agurra Lekuonari haren senide, adiskide eta kultura eta politika arloko lagun ugarik, Oiartzungo San Esteban parrokian. Besteak beste, Andres Urrutia, Jean Haritschelhar eta Jose Luis Lizundia euskaltzainak; Tere Irastortza, Anjel Lertxundi, Xipri Alberbide, Mari Jose Olaziregi eta Joxerra Garzia idazleak; Jabier Muguruza eta Jose Inazio Ansorena musikariak eta Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon Lopategi eta Sebastian Lizaso bertsolariak izan ziren Oiartzunen.