argia.eus
INPRIMATU
Lagun ugari elkartu da Bertso Egunean
  • Aramaioko plaza izan du abiapuntu urtarrilaren 18an 2020ko Bertso Egunak. Batzuk Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren aurkezpenetik eta jarraian izandako Arabako Bertsozale Elkarteko Batzarretik etorri dira; beste batzuk hamaiketakoa lasai egin eta Aramaioko ibilbide gidatura agertu dira zuzenean. Batekoak eta bestekoak elkartuta lagun ugari elkartu dira herriko plazan, 12:30erako; eguraldiak ere lagundu du horretan.

Bertsozale.eus @bertsozale 2020ko urtarrilaren 20a
Aramaioko parkean amaitu da Bertso Eguneko goizeko bertso ibilbide gidatua. Argazkia: Bertsozale.eus.

Amillena Elkarteko Libe Ramila gidariaren eskutik, Aramaioko bazterrak hobeto ezagutzeko aukera izan dugu; berak ere aitortu du ibilbidearen hasieran, ohikoa baino talde handiagoa egokitu zaiola, izan ere, bertsozale ugari joan da Aramaioko kalean gora, plazan hasi, elizan geratu eta parkeraino. Ramilaren azalpenekin eta bertsolarien aleekin, bidean ezagutu ditugu idi probalekua izandakoa, Aramaioko eta inguruko herrien mugak zehaztu zituzten korrikalarien kontuak eta Aramaioko jolas edo atrakzioa den eta parkean kokatuta dagoen txirrista luze eta maldatsua. Marta Ugartek jarri ditu gaiak eta bertsotan aritu dira hiru txandatan Amaia Iturriotz, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.

 

 

 

 

Uribarri elkartean Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso bertsotan.

 

 

 

 

Hura amaituta, bertsozaleak bost otorduetan banatu dira; bakoitzean bina bertsolari kantuan. Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izan dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso izan dira Uribarriko elkartean; Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean; eta Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria Aramaioko eskolako jangelan. Iparra-Hegoako lagunek prestatu dute otordua.

Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko bertso-eskolarekin elkarlanean antolatu du Bertsozale Elkarteak 2020ko Bertso Eguna, eta aipatutako beste zenbait elkarteren laguntza ere izan du: Amillena Aramaioko turismo elkartea, Iparra-Hegoa eta bazkariak hartuko dituzten elkarteak, kasu.

Jarraian, 19:00etan, Urola erdiko trikitilariak batu dira festara, eta nahi duenak nahi adina luzatzeko aukera izan du.