argia.eus
INPRIMATU
Lagun kuadrilla talde kriminal bihurtzea salatu dute Arrotxapeako manifestazioan
  • Maiatzaren 8an ehunka lagun bildu dira Iruñeko Arrotxapea auzoan egindako manifestazioan. Apirilaren 27an atxilotutako gazteei elkartasuna adierazi nahi izan diete. Atxilotuak aske utzi ondoren, operazioa “zigor operazio” bihurtzea salatu dute.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 10
Argazkia: Ahotsa.info.

Ehunka lagun bildu dira manifestazioan, pankartak “Erasoen aurrean klase elkartasuna. Ez zaudete bakarrik” dioela. Manifestazioaren ondorengo elkarretaratzean bi gaztek manifestua irakurri dute. Haiek adierazitakoaren arabera, polizia operazioak aurrera jarraitzen du, orain prozesu judizial bihurtuta. Zigor operazioa deitu diote, bai atxilotuentzat baita inguruarentzat ere hala bihurtu delakoan. Helburu argia dutela diote: beldurtzea.

Leporatu zaizkien ekintzak kontuan hartuta, polizia operazioa neurriz kanpokoa dela iritzi diote: “Zoritxarrez, erabili duten modus operandi-a ohikoa da eta ohituta gauzkate horrelakoetara”. Manifestua irakurri duen gazteak etika periodistiko falta ere salatu du.

Manipulazioaren bidez, auzoko lagun taldea talde kriminal bihurtu nahi izan dutela diote. Arrotxapea auzoa eraso izana ez dela kasualitatea uste dute, baina gertatutakoa auzotik harago doala azpimarratu dute.

Klase menperatzaileak herritarrak kontrolatuta eta disziplinapean izatea erabaki duela diote, herritarrak orokorrean eta batik bat gizarte sektore proletarioak eta auzoak. Eta bereziki gazteak kriminalizatu dituztela azpimarratu dute. Politika egiteko modu baten aurkako erasoak direla salatu dute eta horren aurrean klase solidaritatea aldarrikatu dute horrelako gertaerak saihestu ahal izateko.

 

Atxiloketak apirilaren 27an

Apirilaren 27an hamar gazte atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñeko Arrotxapea auzoan, "talde kriminala" osatzea eta "desordena publikoak" leporatuta. Bi gau atxilo pasa eta epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu ziren apirilaren 29an. Espainiako Poliziaren esanetan, egituratua eta iraunkorra den eta ekintza bortitzak antolatzeko helburua duen talde kriminal baten parte dira atxilotuak; "GKSren inguruko kale borroka taldea" izatea leporatzen die. Poliziak adierazitakoaren arabera, urtebetez aritu da gazteak ikertzen.