argia.eus
INPRIMATU
Lagardek protestarako arrazoi gehiago eman ditu
  • Protesta artean etorri zen eta protesta artean agurtu. Eta tartean, protesta gehiago eragingo dituzten neurriak proposatu zituen: Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari Christine Lagardek ontzat eman zituen Espainiako gobernuak azken urteetan langileen eskubideak murrizteko hartutako erabakiak —Espainiako lan erreforma, kasu—, baina ildo horretan sakontzeko eskatu zuen.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko martxoaren 04a
Nazioarteo Diru Funtseko zuzendariak errezeta neoliberaletan sakontzeko eskatu zuen (argazkia: LaRegion.es).

“Azken urteetako ekintza bikainen ondorioz Europa eta Espainia norabidez aldatzen ari dira”, esan zuen Lagardek astelehenean Bilbon egin zen Global Forum Spain topaketan. Eta behin txaloa jota, “Gerrikoa gehiago estutu” goiburu duen diskurtsoa atera zuen paper zorrotik. “Hazkundeak oso txikia izaten jarraitzen du eta langabeziak oso altua. Ezin da oraindik krisia garaitu dela esan”. Beraz, Lagarderen ustez, errezeta neoliberalez enpo egiten jarraitzea dagokio Espainiako Estatuari.

Zeharkako zergak igotzeko premia nabarmendu zuen zorpetzea eta defizita gutxitu ahal izateko (nahiz eta Madrilek dagoeneko bitan igo duen BEZa, adibidez: %16ra lehenbizi eta %21era gero), Ivan Santamaria kazetariak Berrian egin duen kronikan gogora ekartzen duen legez. Gizarte kotizazioak murrizteko ere eskatu du Lagardek kronika horretan irakurtzen denez, soldata txikienak dituztenei bereziki. 

Ez zen Lagarde izan orraze estuagoa pasatzeko eskatu zuen bakarra: Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak Espainiako Estatuko lan merkatua “malgutzeko” beharraz hitz egin zuen.

Kontrako protestengatik salbu, nazioartean oihartzun eskasa izan duen topaketa baliatu du Mariano Rajoyren gobernuak azkenaldian saldu nahi duen mezua zabaltzeko: Espainia krisitik ateratzen ari dela eta orain benetan dela, ez Jose Luis Rodriguez Zapaterok “kimu berdeez” hitz egin zuenean bezala.

Esloganak medio jakin batzuetan titularren bat bete dezake, baina atzo Bilboko kaleei zerien suak erakusten du herritarrek ez dutela horrelako aporik irentsiko.