argia.eus
INPRIMATU
Laga hondartza leheneratzea
Xabier Arana Eiguren 2025eko urtarrilaren 11

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren legeak babestutako espazioa da; ondoren, Natura 2000 Sareko KBE kontserbazio bereziko eremua izendatua izan zen. Horren adierazgarri, National Geographic aldizkari entzutetsuak Iberiar penintsulan ondoen kontserbaturikoen eta ederrenen artean zerrendatu zuen 2024an.

Hiru hamarkada igaro dira ja lehenengo urrats sendoak eman zirenetik, hain zuzen ere, Laga hondartzaren habitat naturalak leheneratu, funtzio ekologikoak berreskuratu eta eskaintzen dituen ekosistema zerbitzu askotarikoak zaintzeko. Horrela, 1990eko hamarkada erdialdean Euskal Herriko Unibertsitateko ekologia sailak Laga hondartzaren azterlan botaniko eta ekologikoa burutu zuen; horretan, gainera, hamaika neurri proposatu zen itsasertzeko espazio horren kontserbazio-egoera hobetzeko.

Instituzioen geldialdiaren aurrean, 1999. urtean Urdaibaiko Galtzagorriak ingurumen boluntariotza federazioa ekinean hasi zen, eta zurezko pasabideak eta babes-itxidurak ezarri zituen, oraindik hondartza masifikatu horretan bizirik zirauten duna apurrak babestu nahian. Horrez gain, informazio eta ingurumen sentikortasuna pizteko panelak jarri zituzten (www.urdaibai.org). Hurrengo urteetan, Urdaibai Biosfera Erreserbako organo kudeatzaileak hondar-harrapatzaileak jarri eta dunetako landareen milaka ale landatu zituen.

Bere aldetik, Euskal Herriko Itsasertz Mugartea, Ibarrangeluko udalarekin koordinazioan, aurre hondartzaren eremuko aparkalekuak antolatzen aritu zen, eta hondartzaren ezker aldeko duna gainean zegoen aparkalekua behin betiko ezabatua izan zen.

Hiru hamarkada igaro dira ja lehenengo urrats sendoak eman zirenetik, hain zuzen ere, Laga hondartzaren habitat naturalak leheneratu, funtzio ekologikoak berreskuratu eta eskaintzen dituen ekosistema zerbitzu askotarikoak zaintzeko

Bestetik, Ibarrangeluko uren arazketa estazioa martxan jartzeak, Laga hondartzako tokiko uren arazketa sistemak, bai eta Urdaibaiko saneamendu plangintza orokorrak ere, uren kalitatea eta, oro har, ingurune naturala nabarmen hobetzea ahalbidetu zuten.

Jarduketa esparru horretan, Itsasertz Mugarteak Laga hondartzaren antolamendu eta leheneratzerako proiektu integrala proposatu zuen. Besteak beste, itsasertzeko ekosistemaren lehengoratze osoa zuen helburu, eta alternatiba gisa askotariko erabilerako eraikin baten eraikitzea jasotzen zuen, egun komunak eta beste zerbitzuak hartzen dituen espazioan irekitzen den hutsunean. Ekimen hori, begi bistan dagoenez, ez zen gauzatu.

2014-2015 neguko denborale handien ondorioz, Lagako dunak bortizki higatuak izan ziren, kostalde osoan jasan ziren kalteen itsas-antzeztoki iragarlean.

2014-2019 aldian, eta Aranzadi Zientzia Elkartea partaide zelarik, Life ARCOS proiektuak aukera eman zuen Kantauri itsas-ertzeko duna-ekosistemen kontserbazio-jarduketan jarraitzeko, Lagako hondartza barne. Ondoren, 2023tik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiak dunetan dauden landare exotiko inbaditzaileak kendu ditu, eta baita babes-itxitura mantentze lanak ondu ere. Horrez gain, hondartza garbitzeko urtean zehar egiten diren ohiko lanak sustatu ditu, neguan ja eskuz bakarrik egiten direnak.

Laga hondartzan burutu den azken egintza, Itsasertz Mugartea buru, hondartzaren ezker aldean zegoen tiro-instalazioa eraistea izan da. Azken hamarkadetan Lagako hondartzan obusak agertu izana ez da izan 1936ko gerrako herentzia, baizik eta bertan zegoen jaurtiketa plataformatik probatzeko jaurti ondoren lehertu gabe geratu ziren jaurtigaiak.

Amaitzeko, Laga hondartzan dauden bi duna-multzoak lotzeko egitasmoa, duna fronte bakarra leheneratua eta babeslea sortzeko asmoz, bertan behera geratu da herritarren protesta-kontzentrazioaren ondoren; gainera, antza, Ibarrangeluko Udalak ez zeukan ekimen horren berririk.

Gaur egungo ingurumen eszenatokian, ezinbestekoa da dunak leheneratzea eta barnealdera garatzea ahalbidetuko dieten espazioak libre uztea, klima-aldaketaren ondorioz itsas mailaren igoerak eta denboraleek duten indar handiagoak –ikus Kostegoki ikerketa– euskal kostaldean eta Urdaibain mehatxatuen dagoen basa habitata higatzea eta, azkenik, desagertzea arte suntsitzea eragozteko. Era berean, harea harrapatu ezean eta hondar metaketa eta altuera irabazteari mesede egiten dion duna-sistemaren dinamikarik gabe, hondartzek higatzen jarraituko dute, eta harea pixkanaka galtzen joango da ezinbestean, marea azpian geratu arte; zoritxarrez, Laidako hondartzan gertatu zen bezala.

Xabier Arana Eiguren (Busturialdea-Urdaibai)