Iruñeko Labriteko Aldapako errepidea ezaguna da Alde Zaharrera eta hiriko Bigarren Zabalgunera joateko sarrera garrantzitsuenetakoa delako. Labriteko frontoi ezaguna ere hantxe da. Eta Jito Alai frontoi txiki, goxo eta zaharra ere bai; Iruñeko harresia frontis gisa baliatuta eraiki zen. Eta errepideak harresia zatitzen duenez, gainetik zeharkatzeko zaldaina edo pasabidea eraiki zuen Iruñeko Udalak 2010ean. Ez edozelakoa ordea.
Mundua jadanik krisi latzean murgilduta bazegoen ere, UPNko Yolanda Barcina alkatea ez zen txikikerietan ibiltzen eta 73 metro luzerako eta 3,5 metro zabalerako oinezkoentzat aireko pasabidea eraiki zuen Jito Alai eta Media Luna pasealekua lotzeko, hamar metroko errepidea gainetik zeharkatzeko. 680.000 euro gastatu zituen azpiegituran. Eta orduko UPNko hirigintza zinegotzia zen egungo alkate Enrique Maya.
Kontuan hartu behar da, zaldaina azpian dagoela errepidea eta handik ere pasa daitekeela beste aldera, hori bai, errepidea zeharkatu behar da. Beraz, ezinbestekoa ere ez zen, baina egitekotan, egin zitekeen hamar aldiz merkeagoa zatekeen zaldaina, hiriko hainbat tokitan diren gisakoak, adibidez Iruñeko iparreko errepidea zeharkatzen dutenak. Baina ez, ohi moduan, UPNk zerbait handia egin behar zuen, areago zaldaina Sanferminetako Museorako bide nagusia izango bazen. Baina krisiak eta 2015eko gobernu aldaketak bertan behera utzi zuten museo proiektua. UPNk zubia egin zuen, baina harresiak lotzeaz gain, amesgaizto bati ere bide eman zion azpiegiturak. Hasiera loriatsua izan zen, ordea, 2012an Iberoamerikako VIII. Arkitektura eta Hirigintzako Bienalak sari bat ere eman zion eta.
Kontua da 2016an, jadanik EH Bilduko Joseba Asiron alkate zela, eta burdinezko zenbait pieza erori ondoren, pasabidea itxi zela hainbat txostenek erorketa arriskua iragarri zutelako. Egungo alkate Enrique Mayak (UPN) gogor jo zuen Asironen aurka, txostenei fidagarritasuna kenduta, eta 2019ko udal hauteskundeetako kanpainan zaldaina arma gisa ere erabili zuen, berriz alkate izanez gero pasabidea berehala irekiko zuela iragarriz. Atera zen alkate, baina ez zuen pasabidea ireki, udaleko eta beste enpresa batzuetako teknikariek hala gomendatuta. Alkatea bera ere arkitektoa da lanbidez.
"Zaldaina desmuntatu behar da"
Lau bat txosten tekniko atera dira egindako behaketetatik, eta horietako batek, Madrilgo IDEAM enpresak 2019an egindakoak, zaldaina kentzea aholkatzen zuen, orduko alkate Joseba Asironek sare sozialetan azaldu zuen gisan. Hala zioen txostenak: “Zaldainak akats larriak ditu diseinu eta exekuzioan eta bere egiturazko osagaien %100ak arazo larriak ditu. Ez du euri-ura drainatzeko sistemarik, eta soldadurak eta torloju-multzoak eskasak dira. Dagoeneko egiturak korrosio maila handia du eta bere zimenduek ez dira eraginkorrak albo-bultzadei eusteko”.
Zazpi urte iragan dira, beraz, pasabidea itxi zenetik, eta harrezkero, konponbide lanetan aurrera egin ahala arazo berriak topatu dituzte, asteazken honetan udalak prentsa oharrean zabaldu zuenez: “Soldaduretan gabeziak ziren, kanpo-habeetan ere bai, eta kuaderna eta eraikinaren nerbioetan ere bai. Gabeziak ziren, oro har, egituraren gainerako xafletan. Jito Alai frontoiko zaldainaren oinarria ere indartu behar izan da, eta egituraren alde bateko zein besteko euri-urak drainatzeko azpiegitura zaldainetik urruntzeko lanak ere egin dira. Beraz, pasabide osoa indartzeko, azpiegiturak dituen 125 tona altzairuaren %40 ordezkatu da, eta egitura hobeto finkatzeko soldadura kopurua %30 handitu da".
Alkateak zubia bisitatu du asteazkenean
Asteazken honetan ireki da oinezkoen zubia eta han izan dira aldaketa eta UPNko beste hainbat zinegotzi, udalaren prentsa oharrak dioenez “lanak bisitatzen”, baina funtsean hauteskunde atariko inaugurazio ekitaldi ohiko bat izan da, oposizioko gainerako taldeek –EH Bildu, PSN eta Geroa Bai– salatu duten gisan. Ez dagoela pozik egoteko arrazoirik adierazi du Mayak zaldaina gainean, baina poztu da “azkenean herritarrek berriz erabili ahalko dutelako".
Azpiegitura egiteak 680.000 euro balio izan zuen 2010ean eta orain konpontzeak beste 807.214 euro (konponketaren aurrekontua 593.000 eurokoa zen). Beraz, zaldainak ia 1,5 milioi euro balio izan du.
Arian eta Teusa konpainiek eraiki zuten zaldaina, eta Boreas Nuevas Tecnologiasek, Oscar Perezek, Carlos Peredak eta Ignacio Olitek zuzendu zituzten lanak. Udaletxeak jakinarazi duenez, enpresa eta pertsona horien errua da azpiegitura gaizki eraikitzea eta, ondorioz, izandako berritze gastu guztiak haiek ordaindu beharko dituzte. Udaleko talde juridikoa zeregin horretan ari dela adierazi du alkateak.
Pentsatzekoa da, alabaina, azpiegitura norbaitek ikuskatuko zuela eraiki ondoren, obra sinpleenetan egiten den gisan, eta hori udalak egingo zuela. Udalak ez du jakinarazi prozesu hori nola egin zen, baina egitea litzateke logikoena, eta egingo ez balu, oposizioko udal taldeek eskaera hori luzatu beharko lioke udal gobernuari. Asko hitz eginda eraikitze berritze lanez, baina oso gutxi 2010ean amaierako lanen ikuskatze lanak nork eta nola egin ziren.