argia.eus
INPRIMATU
Labriteko pasarela eraikitzeak 669.000 euro balio izan zuen eta milioi bat euro konpontzeak
  • 2010ean eraiki zen pasarela, UPNko Yolanda Barcina Iruñeko alkate zela, krisi garai gogorrenean. 2016an itxi zuen Joseba Asironen udal gobernuak, eraikuntza arazo larriak aurkitu zirelako. Egun, oraindik konpontzen ari dira.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko uztailaren 22a
Argazkia: Arquitectura Viva

Enrique Maya orduko UPNko zinegotziak –gaur Iruñeko alkate– gogor salatu zuen erabakia eta udal gobernua astindu zuen gaiarekin legealdiaren zati handi batean. Noraino, eta 2019ko udal hauteskunde programan, alkate atera ezkero pasarela ostera irekiko zuela iragartzeraino. Alkatetza eskuratzea lortu zuen, baina Labriteko zaldaina berriz irekitzea ez.

UPNren handikerietarako sinbolo horietakotzat har daiteke Labrit kaleko trafiko handia airez saihestu nahi zuen pasabidea. Kaleak oinezko bi pasabide ditu, eta airezkoak izan zezakeen logikarik, eta logikoena, seguruenik, askoz azpiegitura merkeagoa egitea litzateke, are gehiago 2007ko krisia bere gorenean zegoen garaian.

Baina handikeria erraietan daramanari ezin eskatu irtenbide xehe eta duinik, are gehiago pasarelatik metro gutxira Sanferminetako Museoa eraiki nahi zuenean, hori apur bat garestiagoa, 6,5 milioi euroko aurrekontua baitzuen. Museoaren proiektua bertan behera geratu zen, krisiak eta gobernu aldaketaren haizeak eramanda. Labriteko zaldainak, ordea, zutik dirau, baina ez kostu txikiarekin.

Zenbakien dantzan, gainera, bestelakorik ere bada, Jose Asiron Iruñeko alkate ohiak 2019an idatzitako artikuluan pasarelaren kostua 1,2 milioi eurokoa izan zela zehaztu baitzuen. Edozein kasutan, handikerietan txiki geratzeko beldurrik ez duela erakutsi du Maya alkateak berriz ere, pasarela bat egiteko ia 640.000 euro gastatu bazuen, aurten Sanferminetan Nafarroako bandera erraldoia jarri baitu foruen plaza 100.000 euroko kostuarekin.

Esperpentoaren mugan, halaber, 2012ko maiatzean Iberoamerikako Arkitektura eta Hirigintzako VIII. Bienalak mundu mailako 26 eraikuntza saritu zituen, horien artean Labriteko pasarela eta bere ingurunea.

Diario de Noticias-ek astean kaleratu berri duenez, konponketa lanetan dagoeneko 1,04 milioi euro xahutu dira. Oraingo pasarela eraitsi –aurreko legealdian egindako azterketek hala gomendatzen zuten– eta berria eraikitzearen aldekoa zen oposizioa, gaizki eraiki izanaren kalteordainak pasarela eraiki zuen enpresari egotzita. Ez zen horrelakorik egin eta konpontze lanek aurrera darraite. Azken diru partida sanferminen bezperan onartu zuen Iruñeko Udal Gobernuak, uztailaren 5ean, festetako oihartzunen itzalean, 122.000 euro gehiago. Udalak dio oraingo konponketa gastuak eraikuntzan aritu ziren enpresei egotziko dizkiela kalteordain gisa.

Obrak gaur egun. Maya alkatearen esanetan aste gutxiren buruan irekiko da pasarela.