argia.eus
INPRIMATU
Labrazako zortzi haize erroten atzetik beste hamaika etorriko dira

Arabako Mendiak Aske @ArabakoA 2023ko urtarrilaren 20a

Arabako Mendiak Aske elkartean kezka handiz ikusten dugu Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek energia berriztagarrien hedapenean duten burugabeko jarrera, naturaren suntsipena dakarrena.

Eman duten azken urratsa Labrazako zentral eolikoak aurrera jarrai dezan ahalbidetzea izan da, ingurumen-inpaktu txosten bat medio, proiektuari hainbat aldaketa egiten dizkiona.

Aldaketa horiek jada ohartarazi genuena justifikatzen dute: hegaztien hilkortasunari dagokionez, afekzioak oso larriak izango direla, nahiz eta aerosorgailuen jarduera gelditzea proposatu hegaztiak detektatzen dituztenean edota gauean, saguzarrak hiltzea saihesteko.

Inplizituki, azpiegitura horien kokapena hilgarria dela onartzen ari dira. Badakigu neurri horiek ez direla eraginkorrak, martxan dagoen aerosorgailu bat gelditzen denerako hegaztiak talka egin duelako haren aurka. Turbina horiek eratzen dituzten korronteen ondorioz gertatzen da hori, hegaldien berezitasunagatik espezie babestu asko erakartzen baitituzte halabeharrez.

Labrazako kokalekuan, aerosorgailuek osatzen duten alderantzizko U-a hegazti horien pasabide naturala da, aurretik iragarritako heriotza bihurtuz. Nolanahi ere, oraindik probatu ez diren gailuak dira, eta beraien eraginkortasuna oso zalantzazkoa da.

Gainera, natura, kultura, arkeologia eta gizarte ondarearen gaineko eragina konponezina izango da, eta biodibertsitatea suntsitzea ahalbideratuko du, pairatzen dugun krisialdi ekosozialeko egoera honetan; izan ere, krisi horrek adierazten digu biodibertsitatea zaintzea ezinbestekoa dela bizitzak aurrera egin dezan.

"Badakigu zortzi aerosorgailu horien atzetik beste hamaika etorriko direla, hau izan baita transnazional horiek iraganean jarraitu duten taktika"

Era berean, badakigu zortzi aerosorgailu horien atzetik beste hamaika etorriko direla, hau izan baita transnazional horiek iraganean jarraitu duten taktika, etekin ekonomiko izugarriak eman dizkiena.

“Modus operandi” hau Gasteizko Mendietako zentral eolikoan (faltsuki Azazeta deitzen dutena) ere argi ikusten dugu, bere jarraipena den Laminoriako zentrala deiturikoaren proiektua jada aurkeztu dutelarik, Europako Next Generation funts publikoez jabetzeko duten premiak bultzaturik. Hau da, tamaina handiko zentral bakarra diseinatu da (Iturrietako mendiak berriz ere arriskuan jarriz), eta atal ezberdinetan zatitu da. Atal horiek bereizita eta denbora desberdinetan izapidetzen dira, metagarriak diren ingurumen-inpaktuen eragina ezkutatzeko asmoz, eraginak banakakoak izango balira bezala kudeatuz.

Maniobra horrekin, azken erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da, Estatuko Gobernuaren esku egon beharrean; Eusko Jaurlaritzaren izapidetzearen alde egiten da, denborak arinduz eta zentral txikiak direla sinetsaraziz; izan ere, 50 MWtik beherako potentzia dutenez, ez dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan ebazten.

Berriro azpimarratu behar da Gasteizko Mendiak, oro har, arbitrariotasun horietatik babestuta egon beharko luketela. Gasteizko Mendiek jada ingurumena babesteko figura bat aitortuta duten habitat naturalak konektatzeko duen papera ezinbestekoa da. Eremu horiek duten garrantziaz jabetzeko, bere garaian Parke Natural izendatzeko proposamena egin zela jakitea besterik ez dago.

Era berean, salatu nahi dugu ez zaiela erantzun bere garaian proiektu horien aurka egindako alegazioei (23.000): ez partikularrei, ez plataformari, ez eta kaltetuak diren kontzejuei. Megaproiektu horiek hartu nahi dituzten lurren jabeak diren Junta Administratiboek ‘ez’ esan dute. Oso larria da administrazioak kontuan ez hartzea; landa lurreko biztanleei eta nekazariei, bizi diren espazio naturalak babestu, kontserbatu eta defendatu nahi dituztenei, beren lurraldearen gainean erabakitzeko boterea kentzen ari zaizkie. Arabako kontzejuen elkarteari (ACOA) eskatzen diogu bere kontzejuak legez kanpoko egoera horietatik defenda ditzatela.

Praktika zentzugabe horrek sortzen duen kezka zera da, egun batean hauteskundeetan gehiengoa izan zuten agintariek bultzatzen dutela. Hala ere, berriztagarriak ezartzeko, administrazioek ez dute eragozpenik enpresa energetikoen proposamenak onartzeko, nahiz eta enpresa horiek eremu komunalez jabetu nahi, industrializatzeko asmoz; enpresa horien jarduerak, beraien mozkinen aldekoak eta guztion ongizatearen aurkakoak direnak, ezin dira hauteskundeetan bozkatu.

"Elgea mendilerroan gertatu zen; gutxi batzuekin hasi ziren, eta, ondoren, Urkilla mendilerroa betetzen jarraitu zuten. Orain da garaia kalera atera eta lurraldea defendatzeko"

Proiektu hauek gelditzen ez baditugu, mendilerroak arriskuan egongo dira. Elgea mendilerroan gertatu zen; gutxi batzuekin hasi ziren, eta, ondoren, Urkilla mendilerroa betetzen jarraitu zuten. Orain da garaia kalera atera eta lurraldea defendatzeko. Sentsibilitate handiko naturgune horietan megaproiektuak egin ez daitezen lortzea aurrera-pausu garrantzitsua izango da proiektatutako gainerako eremuen defentsan.

Oraingoz, 70 kokaleku baino gehiago aurreikusi dira EAEn. Nafarroako adibidea latza da: lurralde naturalaren ikaragarrizko okupazioa izanda ere, energia berriztagarriak masiboki jartzeak ez du bere subiranotasun energetikoa areagotu, ezta erregai fosilak ordezkatzea ahalbideratu ere. Munstro horiek masiboki jartzearekin CO2 emisioak murriztea ere ez da lortu; aldiz, estatu mailan handitzen ari dira. Hori bai, lurzoru naturalen artifizializazioa areagotzea, ekosistema bioanitzak suntsitzea eta landa-lurraldeetako despopulazioa areagotzea errealitate bihurtzen dute, ikerketa honek egiaztatzen duen bezala.

Ondorioz, proiektu horiek bertan behera uztea eskatzen dugu, eta bila daitezela beste kokapen batzuk, biodibertsitatea arriskuan jarri gabe espazioen eta espezieen kontserbazioa bermatuz.

Hori dela eta, dei egiten diegu Euskal Herriko pertsona guztiei oraindik ere administrazioen konplizitatearekin jarduten duten enpresa transnazionalen diru-gose suizidatik salba dezakegun lurraldearen zatia defenda dezaten. Horretarako, maiatzaren 20an manifestazioa deitu dugu, berriztagarriak hedatzeko aurkeztu den ereduarekiko mesfidantza, arbuioa eta erresistentzia kaleratzeko.

Berriztagarriak bai, baina honela ez.