argia.eus
INPRIMATU
Labrazako Foruaren pergaminoa berreskuratu dute
  • Agiria Euskal Herriko Erdi Aroko populaketaren inguruan ezagutzen den zaharrenetako bat da.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko urtarrilaren 10
Agiria desagertuta zegoen, eta 9.325 euro ordaindu du Jaurlaritzak Madrilgo enkante batean. IREKIA

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Labrazako Foruaren pergaminoa erosi du; Antso VII.a Azkarrak eman zion Foru hori 1196an Arabako San Cristobal de Labraza herriari. Abenduaren 19an erosi zuten Madrilgo enkante-etxe batean, eta 9.325 euro ordaindu zituen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Artxibo Historikoak zaindu dezan. Segur aski XIII. mendeko kopia bat da pergaminoa.

Labrazako Forua XX. mendean desagertu zen herritik, eta Madrilgo enkante-etxe batean aurkitu dute Arabako Errioxan bizi diren eta historia maite duten hainbat pertsonaren lanari esker: Labrazako alkatea, Juan Manuel Martinez; Oiongo Udaleko artxibozaina, Alicia Marin Perez; Jose Angel Chasco etnografoa; eta Pedro Uribarrena historialaria. Arabako Foru Aldundiak eman zion egoeraren berri Eusko Jaurlaritzari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Ondareari buruzko legeek lehentasunez erosteko ematen dioten eskubidea gauza zezan.

Agiri hori Euskal Herriko Erdi Aroko populaketaren inguruan ezagutzen den zaharrenetako bat da, eta berreskuratzea, beraz, Euskadiko Dokumentu Ondareari egindako ekarpen garrantzitsua izan da.

Garrantzi handiko testua

Labrazako Forua garrantzi handiko testua da Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Nafarroako erregeak, Antso VII.a Azkarrak, eman zion San Cristobal de Labrazari 1196an. Testua latinez idatzita dago, eta erregearen ikurra agertzen da bertan: arrano beltz bat beheko aldean, erdian; eta Krismoi bat goiko ezkerreko ertzean. Arauak, besteak beste, herriko biztanleen arteko elkarbizitza arautzen du; horrez gainera, testuak horien eskubideak eta betebeharrak jasotzen ditu, euren usadio eta ohitura onetatik abiatuta.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du: "Labrazako Foruak garrantzi handia du Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Euskadiko Artxibo Historikoak, nola ez, ondare hori babestearen aldeko apustua egin behar du. Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza funtsezkoa izan da. Gainera, eskerrak eman behar dizkiegu agiri hori aurkitu zutenei".

Arabako Foru Aldundiaren aldetik, Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak adierazi du Arabako historia islatzen duen dokumentu garrantzitsua dela: "Ezinbestekoa zen horrelako dokumentu bat berreskuratzea, sekula desagertu behar ez zuena Arabar Errioxatik. Eusko Jaurlaritza eta gu geu Udalarekin eta Administrazio Batzordearekin bilduko gara aurki hurrengo pausoak zehazteko; helburua izango da zehaztea zer egingo dugun erosketa burutu ostean”.

 

>>> Artikulu hau Arabako Alearen webgunetik ekarri dugu gurera, CC-BY-SA lizentziari esker.