argia.eus
INPRIMATU
Laboristen buru Jeremy Corbyn ere ataka estuan erreferendumaren ostean
  • Britainia Handian, eskuinean David Cameronek dimititu ostean ez dago kinka hobean Alderdi Laboristako buruzagi Jeremy Corbyn. Alderdiko indar faktikoak dimititu dezan bultzaka ari diren bitartean, beren erantzukizunei uko egin diete laboristen Itzalpeko Gobernuko –oposizioaren gobernu paraleloko– 31 karguetatik 19k.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko ekainaren 27a
Jeremy Corbyn etxetik irteten astelehen goizean (argazkia: Christopher Furlong).

Erreferenduma Brexiten aldekoek irabazi eta minutu gutxira bidali zion misila Tony Blairrek Jeremy Corbyni: Britainia Handia Europar Batasunaren barruan gelditzearen alde aski lan egin ez eta galdu ostean, dimititzea zegokiola.

Ondoren, Alderdi Laboristen zuzendaritzatik entzun diren ahots gehienek eskatu diote gauza bera eta astelehen goizerako liderrak mahai gainean pilaturik zeuzkan bere sasi-gobernuko 10 kideren dimisio gutunak. Arratsalderako 19 ziren dimituak; esan nahi da itzaleko gobernutik, zeren eta nork bere parlamentari karguari eusten baitio. Hala ere, Corbynek behin eta berriro errepikatu du ez duela dimitituko eta itzaleko gobernuan beste hainbeste kide berri izendatu ditu.

Bitartean, laboristen gobernuetan azken Atzerri Ministro izandako Alaistar Darlingek BBC kateari adierazi dio une bereziki larria ari dela bizitzen Britainia Handia, David Cameronek dimititu ostean eta laboristen artean ere dimisioak ugaritzen, halako hutsune bat nabaritzen delako Londresko agintaritzan: "Ez daukagu ez gobernurik eta ez oposiziorik. Amesgaizto honetara ekarri gaituen jendeek alde egin dute eta orain lau hilabeteko zuloa daukagu lehen ministro berri bat eduki artean; denbora horretan egoera asko oker daiteke. Oraintxe bertan 2008an [krisi ekonomikoa lehertu zenean] baino kezkatuago nago".

[Albiste hau 17:20an eguneratu da]