argia.eus
INPRIMATU
Eskoziako laboristak: galdeketaren ostean desagertzeko zorian dagoen espeziea
  • Azken inkestek laboristen porrot politikoa islatu dute Eskozian. Hauteskundeak urrian egingo balira, 41 eserleku izatetik lau izatera igaroko lirateke.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 31
Ed Miliband alderdiko buruak adierazi du hauteskundeak arte egunez egun “borrokatuko” dutela laboristek. (Arg: Daily Mail)

2010eko hauteskundeetan bozen %42 lortu zuen alderdi laboristak, baina Ipsos Morik egindako inkestak datorren maiatzerako itxaropenak murriztu dizkie. Eskoziarren %23k bozkatuko liokete alderdiari orain.

The Independentek jaso duenez, emaitza horiekin ezinezkoa litzateke laboristentzat gehiengoa lortzea eta Gobernua osatzea.

Ed Miliband alderdiko buruak adierazi du datozen sei hilabeteetan egunez egun “borrokatuko” dutela laboristek, “Eskoziako langileen bizimodua hobetzeko”.

Jim Murphyk alderdi laboristaren hurrengo liderra bilakatzeko ahaleginak egingo dituela aitortu du aste honetan.

SNP hazten

Laboristek inkestetan 37 eserleku galdu dituzten bitartean, Scottish National Partyk (SNP) 54 irabazi ditu.

Erreferendumaren ostean gorantz doa alderdia, eta ezetzak irabazi arren, SNPk kideak hirukoiztu ditu; Eskoziako 50 heldutik batek izena eman du jada.

Nicola Sturgeon nazionalisten buruaren iritziz, emaitza horiek “Eskoziako politika galdeketaren ostean betirako aldatu denaren beste froga bat dira”.