Alderdi Laboristak bete ditu aurreikuspenak eta sekulako garaipena lortu du Erresuma Batuko hauteskundeetan. Keir Starmer alderdiko buruzagia izango da lehen ministro berria. Eskozian SNPk porrot handia jaso du, Sinn Feinek boto emaitzak hobetu ditu eta Galesko independentismoak ere bai.
Alderdi Laboristak 411 eserleku lortu ditu, 2019an baino 213 gehiago. Alderdi Kontserbadoreak 119, azken hauteskundeetan baino 250 parlamentari gutxiago. 650 eserleku ditu Erresuma Batuko Komunen Ganberak eta, beraz, laboristek gehiengo osoa lortu dute, 326ko langa aise gaindituta. Laboristek historiako emaitzarik onena lortuko ote zuten zegoen zalantzan, eta azkenean ez, baina gutxigatik, 1997an Tony Blairrek lortutako 418 jarlekuetatik oso gertu geratu baitira.
Alderdi Liberal Demokrata izan da hirugarren indarra 71 botorekin (60 eserleku gehiago). Kontserbadoreen bizkar, beraz, sekulako garaipena lortu du. Laugarren indarra Eskoziako SNP alderdi abertzalea da, baina 9 eserleku lortuta danbateko handia jaso du, aurrekoetan 38 eserleku lortu baitzituen. Eskozian ere laboristek gorakada handia izan dute.
Sinn Feinek botoetan gora egin du Irlandako iparraldean, baina eserlekuetan aurrekoetako kopuru berdina lortu du: 7 parlamentario. Txanponaren bestaldean DUP alderdi unionista: 5 eserlekutik 3ra jaitsi da. SDLP irlandar abertzale sozialdemokratek 2 lortu dituzte, lehen moduan, Allianzek 1 eta UUP alderdi unionistak 1ekin ganberara sartzea lortu du. Eta gora egin du ere Plaid Cymru Galeseko alderdi independentistak, 2tik 4ra. Erresuma Batuko Berdeek ere bat hobetu dute, 4 lortuta.
Europako haizeen bultzadan, Erresuma Batua Erreformatu eskuin muturreko alderdiak Komunen Ganberan sartzea lortu du lau eserlekurekin, eta pentsatzekoa da kontserbadoreen boto ugari eskuratuta. Saio ugariren ondoren, haren lider Nigel Faragek lehenbiziz hautatuta izatea lortu du. Farage bereziki egin zen ezagun Europar Batasunetik ateratzeko Brexitaren kanpainan. Orduan aditzera eman zuen politika munduan bere zereginak eginak zituela, baina eurodiputatu izan zenak hor jarraitzen du oraindik.
Zerbitzu publikoen indartzea
Irabazi eta lehen parte hartzean lehen ministroa izango den Keir Starmer laboristak “aldaketaren unea” dela berretsi du eta berriz ere zerbitzu publikoak bultzatuko dituela iragarri. Rishi Sunak jarduneko lehen ministro kontserbadoreak, aldiz, alderdiaren porrota bere gain hartu du eta dimisioa eman du.