argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak Erresuma Batuan: Laboristak boterera itzultzeko atarian
  • Hauteskunde orokorrak dira Erresuma Batuan. Laboristen hautagai Keir Starmerrek ditu lehen ministro bilakatzeko aukera gehien. 14 urteren ostean gobernura itzul daiteke laborismoa. Herrialdeak bizi dituen askotariko ondoezen erantzulea hondoratuta ageri da inkestetan, Rishi Sunak lehen ministro kontserbadorea.  

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2024ko uztailaren 04a
Tony Blair eta Keir Starmer. Stefan Rousseau/PA Images/Getty Images

2008ko deskalabru finantzarioak mundua krisi ekonomiko orokortuan murgildu zuenean laboristak boterean ziren Erresuma Batuan. Gordon Brown lehen ministro zuen gobernuak ez zuen asmatu krisiari aurre egiteko errezetekin. Agintea galduko zuten 2010. urtean Gordon Brownen dimisioaren ostean. Ordutik oposizioan egon dira, kontserbadoreek osatutako gobernuen itzalpean.

Inkesten arabera, osteguneko hauteskundeetan laboristak gailenduko dira. Hamalau urteren ostean boterea berreskuratuko lukete, Keir Starmer hautagaia lehen ministro bilakatuta. Ipsos etxeak egindako azken inkestaren arabera, laboristek 453 ordezkari lor ditzakete bozken %43 eskuratuta, atzetik legoke Rishi Sunaken alderdi kontserbadorea 115 ordezkarirekin, bozken %25 eskuratuta. Liberalak hirugarren lirateke bozen %10 eskuratuta. 650 ordezkari dituen ganberan gehiengo absolutua eskuratzeko aukera errealak lituzkete laboristek.

Eskozian ere aldaketa politikoa iragarri du ikerketak. Nicola Sturgeon eta Humza Yousaf buruzagien dimisioek ahultasunean utzi dute SNP Eskoziako Alderdi Nazionala eta egoera hori probestu lezake Alderdi Laboristak. Ikerketaren arabera, Alderdi Laborista abertzale eskoziarrei zenbait eserleku kentzeko aukeran legoke, tartean Glasgowko 6 ordezkariak lehian leudeke. Galesko abertzaleek 2019ko emaitzak errepikatzea espero da 2-5 eserleku lortuta.

Rishi Sunak eta alderdi kontserbadorearen hondoratzea

Alderdi Kontserbadorea bere historiako emaitza kaxkarrena eskuratzeko atarian dago. Zergatiak bilatzen hasita Brexita litzateke lehen arrazoia. Merezi du elDiario.es kazetako zuzendari orde eta nazioarteko gaietan aditu Maria Ramirezen Brexitland artikulua irakurtzea, zeinean herrialdeak Europar Batasuna utzi osteko arazo ekonomiko eta sozialen berri ematen duen. Herrialdean bizi den kazetariaren begietatik, lehen sektorearen edota ostalaritzaren ezinak deskribatzen ditu. Bere esanetan Europarekin hautsi ostean sektore horietan lanean diharduten hainbat jatorritako herritarren lan eta bizi baldintzak nabarmen okertu dira. Brexitaren loria ondoez bilakatu da gizarteko zenbait sektorerentzat.

Beherakada posible horren beste erantzuleetako bat izan liteke kontserbadoreek hamalau urte hauetan zenbait zerbitzu publikotan egindako murrizketek gizartean sortu duten asaldura. Adibide garbiena Erresuma Batuko Osasun Sistema Nazionalak bizi duen egoera kritikoa da. Kontserbadoreek osasun zerbitzuak azpikontratazio bidez kudeatzeko ezarri dituzten politikek hilkortasun tasen igoerarekin harreman zuzena dutela demostratu berri du Oxford unibertsitateko ikerketa batek.

Osasun zerbitzuen krisiari estuki lotuta izan ziren 2022an eta 2023an Erresuma Batuko langile mugimenduak azken urteetan eginiko mobilizazioak eta greba orokor indartsuenak. Langileek tren geltoki eta portu nagusienak gelditzea lortu zutenean ataka larrian jarri zuten Sunakek zuzenduriko gobernua.

Gobernua ataka larrian zela, laboristen hautagai Keir Starmerrek langileen mobilizazioak babestu baino giroa baretzeko jarrera hartu zuela gogoratu behar da. Starmerrek irabaziz gero ezarriko dituen politiken asmoa erakutsi zuen jarrera horrekin. Oliver Eagleton kazetari ezkertiarrak Starmerren proiektuaren erradiografia egin du Starmerren proiektua: bidaia bat eskuinera liburuan. Bere esanetan Starmerren eraberritze nazionalak gehiago du Tony Blairrek egindako politika sozial liberalekin, gerora hirugarren bidea gisa ezagutu zenarekin, azken urteetan laboristek bultzatu duten ildo ezkertiarrago batekin baino.

Nor da Keir Starmer? Blairren hirugarren bidearen itzulera?

Starmerrek 2020. urtean pandemia betean eskuratu zuen Alderdi Laboristaren buruzagitza  Jeremy Corbynen errelebo gisa. Azken horrek 2019an jasandako jipoi elektorala gogoan, Starmerrek argi hitz egin zien militante laboristei, Corbynen ildo ezkertiarrari amaiera emango zion etapa moderatuago bati bide emateko.   

Etapa berri honetan alderdiak hartutako norabidearekin ados ez zeuden ildo ezkertiarreko zenbait ordezkari baztertuak izan direla salatu dute zenbait militantek. Hauteskundeen lasterketan murgilduta jakin da Faiza Shaheenen hauteskundetarako hautagaitza blokeatu duela zuzendaritzak, Israelen sarraskia sare sozialetan salatu zuelako.  

Lucas Font kazetari kataluniarrak elPeriódico-n idatziriko artikulu baten aipatu du Faiza Shaheenen kasua ez dela kasu isolatua eta Starmerren zuzendaritza egiten ari den bazterketa gehiagoren berri eman du. Asko dira azken asteetan Starmerren neurrien aurka ahotsa altxatu eta bazterketak salatu dituztenak. Agian sinbolikoena Owen Jones idazle ezkertiar eta militante laborista ezaguna izan da.

Chavs: langile klasearen demonizazioa edota Establishmenta: kasta agerian liburuengatik ezaguna da Jones. Azken urteetan alderdiak harturiko norabidearekin kritiko, The Guardian agerkarian idatzi berri duen “Nik Alderdi Laborista odolean daramat. Horregatik eman diot nire amaiera nire militantziari” artikuluan Alderdi Laborista uzteko asmoaren berri eman du. Starmerrek zuzendutako ildo ezkertiarreko militante zein ordezkari laboristen bazterketa ere gogorki salatu du eta zutabearen amaieran ondokoa gehitu: “Kontserbadoreen garaipen-aukerak oso txikiak dira. Orain axola duena da ea aberastasuna eta boterea birbanatu nahi dituen edonori Starmerren administrazioan ahotsa ukatzen zaion. Hori da, zalantzarik gabe, bere ordezkarien anbizioa. Engainuan errotutako eta Britainia Handiko arazoei konponbiderik emango ez dien gobernu baten desilusio saihestezina iragartzen denean, eskuin erradikala izango da onura aterako duena.”

Ez dirudi laborismoaren barneko gatazka horrek Starmerren garaipena arriskuan jarriko duenik. Argi dago baina, Faiza Shaheen bezalako hautagaien bazterketak edota Owen Jones bezalako militanteen abandonuak Blairren hirugarren bidean jarri dutela alderdia.