argia.eus
INPRIMATU
Laboreen neurriko txapela
  • “Txapela kendu eta kapela jantzi” dio esaerak, Izurzako Karmelo Arantegiri Gotzon Garatek jaso eta argitaratutako esaerak. Daraman buruaren nahikoa ondragarri ez txapela, eta kapela jarri. Eskerrak “txapelak ez du gizona egiten”, “txapelik handienak ezin buru hutsa estali”, “bururik ez duenak txapel beharrik ez”, “txapel dotorea eta burua hutsa” eta antzeko esaerak ere badakartzan lehengoaren aldamenean…

Jakoba Errekondo 2023ko urtarrilaren 26a

Txapela ondragarri da, batez ere udazken-negu hotzean. Ez ile joanak eta belarriak babesteko soilik; txapelak labore-gauzak ereiten ditu. Garia edo ogia (Triticum aestivum), espelta (Triticum spelta), oloa edo metxura (Avena sativa), garagarra edo zaldalea (Hordeum distichon) eta zekalea edo ainegua edo zikirioa edo untzegaria (Secale cereale) ereiteko sasoiaren amaiera da. Esaerak dio txapelak ematen duela ereintzaren neurria: hazia zabaldu, txapela bota eta txapelak bere pean hamar bat ale hartu baditu tamainan! Txapelaren tamainak ere zeresana izango du, baina gutxi-asko hortxe ibiliko da.

Kapela gradua da, ustez, behinik behin: “Jauntxuak, kapela; ostianguak, txapela”. Kapelarekin dabilena sorora hurbiltzeko inolako intentziorik gabe biziko da, are eta gutxiago laboreen ereintza lanak egiten diren udazken-neguetan. Nola bada oinetakoak lokatzetan zikindu edo sudur muturra hoztu!

Neguan txapelak ederki babesten ditu kankar eta buru, buruaz aitzur aritzeko; baina udan zenbait lanetarako itzal gutxitxo sortzen du. Horretarako kapelak hobe; udako egun beroenetan nekazariek ere kapelak janzten dituzte eguzki galdatan egiten diren lanetarako. Kapelak baina lastozkoak, noski. Gehienetan labore horien lastoz eginak: garia, zekalea edota garagarra.

Laboreen uzta da udako lan gogaikarri horietako bat. Belarrak beste bat; baita bibelarra edo arrabelarra edo ardaila edo urri belarra eta hirubelarra ere. Lokatzetako lanak egin beharko diren negurako aziendarentzako eta geuretzako nahiko jaki izan dadin. Uzta horiek ebaki, lehortu edo ihartu, bildu eta jasotzea itzala egiten duen hegal zabaleko kapelapean eginagatik lan nekeza da. Lastorik finenez jositako kapelak kaskoan sortzen duen azkura kendu eta izerdia biltzeko, kapela jantzi aurretik burua zapi batez biltzen da, kapela-zapiaz. “Burua duenak bilatzen du haren doia gapelu”.

Aita Larramendik 1720an idatzi zuen garai hartako baserritar guztiek, graduak gradu, oihalezko punta zorrotza zuen arana-txapela janzten zutela; punta zorrotza tximisten aurkakoa. Lan eta bizi buru-belarriak ipinita eta burugain.