argia.eus
INPRIMATU
Laborarientzat bost formazio saio irailean
  • Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bost formazio saio antolatu ditu irailean, laborariei zuzenduta. Gai hauek landuko dira: Sozietateko betebeharrak nola kudeatu; familiako hondasunen transmisiorako formulak ezagutu; agronomian trebatu; belarrak sabaian nola idortu; eta lurra nola ezagutu landare adierazgarriei esker. Izen ematea telefonoz egin behar da, zenbaki honetara deituta: 0559 37 18 82.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 27a

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak dinamizatu duen Vivea programako lehen formakuntza saioa irailaren 3an izango da, egun osoz (9:30etatik 17:30etara). Laboratzan-sozietateko betebeharrak kudeatzen irakatsiko dute bertan.

Irailaren 4an "Familia arrañamenduak" saioa egingo dute. Laborantza Ganbarak transmisioaz antolatu dituen saioetan azkena izango da eta galdera honi erantzungo dio Christophe Gourgues Mauleko notarioak: Nola xuxenki kudeatu etxaldearen transmisioa, familia baitan bezala familiaz kanpo? Dohaintza, salmenta, usufruktu, geroagoko saria, alokailu... formulak aztertuko ditu, besteak beste, 9:30etatik 13:00etara.

Irailaren 8an eta 16an, agronomia saioak emango dituzte 9:30etatik 17:30etara. Etxaldeko isurkiak kudeatzeko araudia azalduko dute, eta ongarriztatze planoa egiten ikasiko.

Irailaren 24an belar eta sorroak sabaian nahas-mahasean nola idorrarazi irakatsiko dute eta sistema horren alde on eta trabak zeintzuk diren azalduko dute, 9:30etatik 17:30etara.

Irailaren 28an izango da azken saioa: norberak bere lurra landare bioadierazgarrien bidez ezagututa, laborantza hobetu eta erosgaien erabilera murriztu ahal dela azaltzen du Laborantza Ganbarak eta agroekologiatik datorren praktika hau oso erabilgarria dela Euskal Herriko pentzeetan. Landare adierazgarriak identifikatzen eta lurraren diagnostikoa egiten ikasiko dute, 9:30etatik 17:30etara.