argia.eus
INPRIMATU
Laborarien xokoa prestatzen ari da Baionako bestetarako
  • Aurten ere, kalitatezko janaria eskainiko da Baionako bestetan, Laborarien Xokoaren bidez. ELBko laborariak azkarki mobilizatuko dira tokiko laborantxaren aberastasunak ezagutarazteko giro hoberenean.

Laborari 2015eko uztailaren 21
Baionako festetan ELBkoek antolatuko dute kantina (argazkia: Laborari).

Hirugarren aldikotz idekiko da Laborarien Xokoa, Xaho kaian, Baionan. Aurten uztailaren 29tik agorrilaren 2rat iraganen dira bestak. Fama handia hartua du ELBk antolatu janari guneak, janari aparta, prezio xuxenak eta giro ona direla arrazoi nagusiak.

Laborantza herrikoiaren promozioa egin nahi du lehentasunez Laborarien Xokoak. Ondorioz, ipar Euskal Herriko etxaldetan ekoiztu produktuz osatua da osoki eskaintza. Aurten ere ahotik ezin utzia den etxeko burgerrak Xiberoko behi haragi xehatua, Lapurdiko tomate eta entsalada, Hazparneko ogia eta Baxe Nafarroako eta Xiberoko etxe behi gasna ukanen ditu osagai.

Orotarat 40 bat etxaldetatik eta hamabost bat enpresa ttipi edo kooperatibatik (Axuria, Belaun, Azkorria, CLPB, Garro, Krakada, okindegiak...) atera ekoizpenak baliatuko dira bost egunez, milaka jenderen elikatzeko. “Eskaintzen duguna zinez gure etxaldetarik atera dadin nahi dugu. Hemen berean ekoiztua denarekin, hainbeste jenderi janaria zerbitzatzea posible dela erakutsi nahi dugu. Gure kalitatezko ekoizpenen ezagutarazteko manera da eta beste batzuei bide berdinaren segitzeko ideia ematea da helburu”, dio Panpi Sainte-Marie, ELBko idazkari nagusiak.

Egia inspirazio bide izan dela proiektu hau, besta ala ostatu zenbaitetan etxeko burgerrak usu ikusten baitira gaur egun, herriko besta batzuetan ere Laborarien Xokoaren iduriko guneak sortu dira berriki, kontzeptu onaz baliatuz. Baionako Herriko etxeak ere bide hau jorratu du etxe ekoizpeni tokia egiteko beste gune batean.

Aurten bigarren aldikotz Idoki elkartekoak haurren eguna kari antolatu animazioetan izanen dira. Janariaz eta laborantzaz tailer ludikoak eskaintzeaz gain, Poterne guneko piknikaren antolatzaile dira. Han ere etxaldetarik atera ekoizpenak dastatzen ahalko dira, haurren egunari egokituak.

300 laguntzaile gogo onez

Lehen urtetik arrakasta handia bildu zuen Baionako bestetako Laborarien Xokoak, publikoak txalotzen zuela herriko etxeak bultzatu iniziatiba eta ELBk manera ederrez gauzatua. Ez da dudarik ongi etorri berdina ukanen duela aurten. Arrakasta horren kudeatzeko, antolaketa lan handia eramaten du ELBk.

Aurten 300 laguntzailez goiti bilduko du bost egunez lanean aritzeko, gehienak sindikatuko laborariak, baina ere gogo onez lehen urtetik etortzen diren lagun eta sostengatzaile batzu. “Denak gogo onez etortzen dira, gertakaria plazerekin igurikatzen dute nahiz egun luze eta dorpeak diren. Ostatuaren gibelean ere besta giroa da baina profesionaltasun eta ardura handiz ari dira laguntzaileak, zinez eskertzekoa da”, ohartarazten du Panpi Sainte-Mariek.

ELBk deia zabaldu du laguntzaileek izena eman dezaten aurtengo lan itzulietan parte hartzeko. Iaz bezala, ipar Euskal Herriko eskualde bakoitzak bere lan eguna ukanen du (Xiberoa asteazkenez, Oztibarre-Iholdi ostegunez, Amikuze ostiralez, Lapurdi eta Aiherra ingurua larunbatez eta Garazi-Baigorri igandez), nahiz hautatzeko manera utzia den formula huntan sartzen ahal ez direnei. Laguntzaile ala bestazale, hitzordua luzatua da uztailaren 29tik goiti.