Agro-janarigintzako indüstriek eta salgia handiek janarigeiak laborarier ahal bezain apal erosten deitze, haboro saltzeko eta mozkinen emendatzeko. Gure aldetik janaria merke nahi dügü, aski sos bara dakigün beste gaüza parrasta baten erosteko, zonbait aldiz beharrik gabe, eta moda güziak hortara bulkatzen gütü. Bizia kariotzen den arau, ogena beti janarier, sekülan ez hain kario den alojüari, etxegintzari, autoari, erregeier…
Hola gabiltza, erreklamaren legepean, pentsamentüka handirik gabe. Europak oraiko krisan bere ogen partea badü, eta ez ttipia, bere liberalisma ütsüarekin, ekoizpena burrustan handitzera üzten beitü, adibidez behi ezne kuotak ezabatzez. Konkürrentzia onestik ez dü bermatzen, erresumen arteko legar eta kargak ez dütü bardintzera bulkatzen. Estatü elibat lazakeria hortaz baliatzen dira langile arrotzen apalenetik pakatzeko, laborantxan, kabale hiltegietan eta janarigintzan ere. Frantzia jokü hortarik kanpo dago bere kontrola zorrotzekin.
Laborantxako batarzün eta erakunte nausiak ere ez daude ogenik gabe, ahal bezainbeste ekoizteko züzena zaintzen düelarik eta laboraria bide hortan aitzina bulkatzen, ezin asezko merkatü batetan bagina bezala. Gisa horrez ekoizpena hantzen da, ekoizkin elibat soberan agitzen dira, eta beraz prezioak itsuski jaisten beste gaüzer konparatüz. Orokorki, ez ote gira laborantxa mota ximiko-prodüktibista baten bazterreala heltzen ari? Beti haboro ekoiztean ote da geroa? Ez direa kargak tinkatü behar, eta lehenik etxaltean berean, ximia eta zaldari gütiago sakatzez, biologia hobeki egariz, üztak aldizkatzez eta horien artean lüserna sartüz... ekoizkinen kalitatea bilatzez, Label-AOC-AOP sormarkak baliatüz… saltzapenetan parte haboro hartzez, kooperatibak hobeki kontrolatüz…
Bena gük, janari erostünek, etsenplü hona lehenik eman dezagün, eta bide xüxena marka, xenda berri horietarik dabiltzan laborarien kalitatezko ekoizkinak hobetsiz erosketen egitean, besteak beno karioxago direlarik ere. Gaineala ez dira beti karioago, bereziki ekoizleak xüxenka saltzen dütüalarik.