argia.eus
INPRIMATU
Laborarien jatetxea Baionako bestetan
  • Uztailaren 24 eta 28 artean, besta egin ondoren edo artetik, etxean bezain untsa jaten ahalko da Baionan, aurten lehen aldiz antolatzen den Laborarien Xokoan. ELBko laborariak Xaho kaian izanen dira bost egunez, bestazaleei ekoizpen goxoak eskaintzeko.

Laborari 2013ko uztailaren 16a
Taloak, ogitartekoak, arrainkiak... produktu ugari eskainiko dituzte Xaho kaiko gunean (Argazkia: Zuialde)

Herriko etxearen nahikeria izan da kalitatezko janariaren eskaintza proposatzea Baionako besta denboran. ELBk deialdiari ihardetsi du eta bost egunez sindikateko kideek lan eginen dute euskal laborantzak eskaintzen duen hoberenarekin plater goxoak prestatzeko. “Besta denboran, ainitzek zer nahi jaten dute bainan ez baitezpada berdin zaielako. Kalitatezko platak proposatuko ditugu, hain segur kalitate gutiago duten platen prezio berdinean, eta naski publikoa atxemanen dugun”, dio Panpi Sainte Marie, ELBko idazkari nagusiak.

Laborariek paradaz baliatu nahi dute ere lekuko laborantxak eskaintzen duen hautu haundia jende zabalari ezagutarazteko. “Eskutan ukanen dutenaren gustu ona izanen da lehen lotura. Ondotik esperantxa dugu, orroitzapen on horri esker, jendea ohartuko dela gastronomia mailan zinezko altxorrak badirela Euskal Herrian. Tokiko jendeari pentsatzen dut kanpokoari baino gehiago, ainitzetan hiritarrek ez baitute ezagutzen ere zer ekoizten dugun”, azpimarratzen du Landibarreko laborariak.

Prestaketan ari dira jo ta ke laborariak. Plata bero eta hotzak eskainiko dituzte, izan gazi edo sukratuak. Idokiko ekoizpenek leku nagusia izanen dute osaketan. Arroltze moleta, atzarkia, xerrikia, entseladak proposatuko dira besteak beste. Euskal Herria Zuzenean festibalean estrenatu den Etxeko burger ogitarte berezia hamarnaka ekoiztuko da hain segur bost egunez. Donibane Lohizuneko Batteleku kontserberiari esker, lekuko arrantzaleek bildu arrainkia moldatuko dute ere.

Bestarik ezin baita izan talorik gabe, plantxak berotuko dira Herriko irinarekin egin taloen pean, Arrosa edo Gamarteko behi gasna hurtuko delarik gainean. Gasna desberdinak, ardi esnez egin izozkiak, euskal bixkotxa... jaten ahalko dira ere edozoin tenoretan. Eta lekuko arno, garagarno eta sagarnoek lixeritzea lagunduko dute.

Etxerateko bidean izanen den bestazalearendako, Idoki ekoizpen salmenta proposatuko da ostatu ondoan. Euskal markaren gama guzia atxemaiten ahalko da lekuan berean. "Laborarien Xokoa-le Comptoir paysan" izeneko tokia egun guziz idekia izanen da uztailaren 24tik, asteazkena, 28rat, igandea, goizeko 11etatik aratseko 11etarat. Laborariek sortzen dakiten giro ona nagusituko da Xaho kaiako gune hortan.

Bestaren artetik laborantxaz doi bat ikasi nahiko duenak, hainbat informazio atxemanen du ere Laborarien Xokoan, hor janari esker, ondorio emankorrak izan diten Euskal Herriko ekoizpenendako, hots, kontsumitzaileek inguruan duten laborantxaz ohar diten.