argia.eus
INPRIMATU
Laborariek protesta burutu dute Mauleko hiltegiaren alde
  • Lekuko laborarientzat ezinbestekoa den Mauleko hiltegia mehatxaturik izanik, elkartasuna adierazteko mobilizazioa burutu dute hamarnaka laborarik. Orokorkiago, egunez egun zabalduz segitzen du laborarien protestak, eta Bruselan izan dute ostegun honetako hitzordu nagusia, Europako Batasunaren bileraren kari.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko otsailaren 01a
Urtarrilaren 31n burutu protesta, Baionako karriketan. Argazkia: Euskal Irratiak

Karrikara atera eta errepideak blokeatzeko arrazoiak ez dituzte eskas laborariek. Asteazkenean ere protesta eraman dute, aldi honetan mehatxaturik den Mauleko hiltegiaren alde. Hain zuzen, hiltegiaren kategoria apaltzeko mehatxua egin berri du Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak (DDPP), higiene eta segurtasun arau batzuk errespetatzen ez dituelakoan. Horrek ondorioak lituzke eguneroko aktibitatean eta zerbitzua ordaintzeko prezioetan –hiltegiaren behin betiko hestea ere hurbilago jarriz–. "Administrazioaren presioa" salatzeko asmoz demisioa aurkeztu zuen urtarrilaren 24an enpresako administrazio kontseilu osoak.

Sindikatuetatik at landuriko elkartasun deiari erantzunez, 150 bat laborari elkartu dira asteazkenean Mauleko hiltegiaren aitzinean. Hortik, Baionarantz abiatu dira, auto ilarak eraginez autobidean. Leku estrategikoetan entzunarazi nahi izan dute haien kexua: Suprefeturan, Euskal Hiri Elkargoan...

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin bildu badira ere, ez dute elkarrizketaren balorazio baikorrik egin. Ondokoa adierazi dio Pierre Diarze Domintxaineko laborariak Berria egunkariari: "Ez dugu gauza handirik ateratzen bilkura horretatik, gure arazoak entzun dituzte, baina diotena da ezin dituztela gauzak fiteago egin, Estatua dela arduraduna. Guretzat, horiek estakuruak dira, ez dugu gehiago denborarik igurikatzeko, etxalde anitz zailtasun handian baitira". Etxegaraik bere aldetik, baieztatu die hiltegia mantentzearen alde dela Hiri Elkargoa eta bilkura batera deituko dituela alde guztiak –laborariak, Hiri Elkargoa, DDPP eta Frantziako Estatuko ordezkariak–.

ELBk bat egin du protestarako deiarekin: "Tokiko tresna baitezpadakoa dugu hazkuntzarendako, bereziki Zuberoan. Gaur egun, zailtasunak handituz doaz hazkuntza sail ezberdinetan eta zailtasun horien parean, etxalde ainitzek dituzte haien ekoizpenak balorizatzen Mauleko hiltegiari esker. Horrek ahabildetzen die lan sari duina atxikitzea".

Frantziako Estatuan: kexua ez doa ttipituz

Iragan astean abiaturiko laborarien haserrea ez doa ttipituz eta otsailaren 1 honetan 150 bat blokeo daude Frantziako Estatu mailan. Parisen kokaturiko Rungis gunea dute helmugatzat, nazioarteko salerosteen gune estrategikoa izanik. Baina, Poliziak bidea mozten die eta hamarnaka laborari ditu atxiloturik.

Agroindustriaren sustatzaile FNSEA eta JA sindikatuek abiatu zuten mugimendua, eta geroztik, protestari lotu da agroekologiaren alde dabilen Confederation Paysanne. Bakoitza bere aldarriekin doa, bi eredu antagoniko dituztelako helburutzat.

Aldarria Bruselara

Aldarria Europako Batasunera arte eramaten ari dira otsailaren 1 honetan: traktore ilarek Bruselako sarrera-irteerak oztopati dituzte goizean goizetik. Hainbat herrialdetako laborariek dute mobilizaziora deitu, EBko buruzagiek gaur egingo duten bilerarekin bat eginez. Ehundaka traktore izan dira Europako Parlamentuaren aitzinean eta tentsioa gora doa:

EB eta Mercosur-aren arteko merkatu askerako akordioa ezeztatzea dute helburu nagusien artean, baita berehalako neurriak ere, zailtasun ekonomikoei erantzuteko asmoz.