argia.eus
INPRIMATU
Laborariek mobilizazioekin erantzun diote Frantziako Gobernuaren behi-laguntzen erreformari
  • Astelehen goizean 200 abeltzain baino gehiago elkartu ziren Ipar Euskal Herriko hainbat herritan lege erreforma berriagatik ehunka etxalde diru-laguntzarik gabe geratzeko duten arriskua salatzeko. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) eta Confederation Paysannek mobilizazioa deitu zuten.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 11
AĆ¼lourouen eginiko agerraldia. Argazkia: Sud Ouest

Ipar Euskal Herrian eta Biarnon 700 etxalde –behi etxaldeen %16– laguntzetatik kanpo gera daitezke, Europa mailan negoziatzen ari diren PAC edo Nekazaritzako Politika Komunaren harira Frantziako Gobernuak 10 behi baino gutxiago dauzkatenak laguntzen eskematik kanpo lagatzea proposatzen duelako. Zein etxalde laguntzetatik kanpo uztearen erabakia hartzeko bilera bihar izanen da Parisen Frantziako Laborantza ministerioan.

ELB-k gogor kritikatu du FNSEA Frantziako laborantza sindikatu nagusia, PACaren negoziaketan erakutsi duen jokabideagatik. Laborantzako patronal handiaren interesak defendatzen dituen sindikatu horrek gutxieneko marra 30 behitan ezartzea proposatu zuen. Confederation Paysannek 3 behiraino mugatzea proposatu zuen, eta Parisko gobernuak "erdibidea" egin du gutxieneko kopurua 10etan ezarriz.

“Irizpide hauen ezarpenak 1.900 etxalde baino gehiago kaltetuko ditu Biarnon eta Ipar Euskal Herrian”, salatu du Michel Erbinek, Biarnoko sindikalistak:  “etxaldeen %46 baino gehiago osatzen dute guztira”.

Gobernuari presioa egiteko, ELBk Mauleko, Donibane Garaziko eta Hazparneko zerga etxeak okupatu zituen atzo goizean.