Asteleheneko goizeko 10:00etatik hasita 24 orduz itxi nahi dute muga. Nekazariek salatu dute martxotik ez dela aurrerapausurik eman beren eskaeren inguruan.
Goizean goizetik errepidean dira traktoreak, eta dagoeneko hasi da nabaritzen euren presentzia errepideetan. 07:00etan abiatu dira laborariak eta ordutik, trafikoa mantsotu eta auto pilaketak eragin dituzte Euskal Herriko zenbait txokoetan. Asmoa da, 10:00etatik hasita, 24 orduz, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko autobidea ixtea garraio astunei. Hasieran guztiz itxita egon da muga, eta bi orduren ostean, autoentzako bide bat egin dute. Egun bakarreko protesta bada ere, helburuak lortu ezean, ez dute baztertzen protesta mugagabe bihurtzea edota beste protesta batzuk egitea.
Ez da muga ixten duten lehen aldia, martxoaren 7an ere egin zuten, baina nekazariek salatu dute ordutik ez dela aurrerapausorik eman. Protestak ez dira Euskal Herrira mugatzen eta Pirinioetako beste muga batzuk ere itxi nahi dituzte, hala nola, Somportekoa, Portaletekoa (Aragoi, Espainia), eta Jonquerakoa (Herrialde Katalanak)
Hauek dira beren eskaerak, besteak beste: erregai eta energia zergarik ez ordaintzea; bertako produktuak lehenestea; Europar Batasunetik kanpoko elikagaiek segurtasun baldintza handiagoak bete behar izatea; eta Elikadura Katearen Legearen inguruko arauak “zorroztea”.
Aldarrikapenek lotura zuzena daukate Europar Batasunarekin; izan ere, bere aurrekontuaren heren bat nekazaritza politiketara bideratuta dago, eta bertan negoziatu beharko dute 2027tik aurrerako Nekazaritza Politika Bateratua. Nekazariek azaldu dutenez, nahita egin dituzte protestak Europako Parlamenturako hauteskundeen astean.
Nekazari elkarte ugari batu da protestara, hala nola: Ataca, Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkartea; Bagea Gipuzkoako Baserritar Gazte Elkartuen Auzolana; Nafarroako Semilla y Belarra elkartea; Frantziako Mugimendu Independientea; eta Again elkartea. Sindikatuetatik kanpo antolatu diren nekazariak dira denak.