argia.eus
INPRIMATU
Laborari herri baten gain behera, Le Goff soziologoak kontaturik
Xabier Itzaina Laborari 2015eko martxoaren 12a
Proventzako Cadenet herria ikertu du Jean-Pierre Le Goff soziologo frantsesak. (Argazkia: Le Dauphine)

Proventzako herri gotor hori luzaz langile eta ofizialez -zaregintzan [saskigintzan] bereziki- osatua zen. Erresistentzia eta komunismo erruralaren gotorleku izana zen. Herria bigarren XX. mendeak ezagutu aldaketa gehientsuen lekuko izan zen. 68ko maiatzetik landa hippie suerte bat plantatu zen herrian, bai eta komunitatean bizi ziren ezkerreko katoliko zonbeit.

Ondoko urteetan masa turismoa sartu zen eta azkenik bigarren etxebizitzen merkatua garatu zen, paristarren preziotan. Gaur egun, eta hau da Le Goff-en ondorio iluna, herriaren espazio berean bizi direnek ez daukate geroaren elgarrekilako ikuspegirik. Bozetan alderdi komunistak %3 beizik ez ditu biltzen, Front National-ak aldiz %20-25 pasa. Arrazismo arrunta nagusi.

Xaharrek, etsiturik, mundo baten akabantza deitoratzen dute. Herritar belaunaldi berrietan bada denetarik: kanpotiarra mespretxatzen bainan lurra edo etxea gogotik saltzen dion tokiko jendea; delako etxe edo lurrak erosi dituzten dirudunak, tokiko kulturaz eta jendetaz bost axola dutenak; neo-ekologistak, Lubéron-eko parke naturala bultzatzen dutena herritarren sustengurik gabe; serbiar milizianoen eite duten ihiztari talde berri batzu; apez polones sotanadunak esoterismo mota guzien kontra gerlan sartuak direnak beren eliza hutsetan.

Laborantxarik ez da kasik gehiago. 1992etik geroz, Provence Alpes Côte d’Azur eskualdean laborantxako lurrak 3.000 hektara galdu dituzte urtero. Liburuan ekarria da SAFEReko aditu baten errana, zoinen ustez mende erdi barne laborantxarako lurrak alderat desagertzekotan litaizken eskualde hortan. Bizkitartean, den horren biziarazteko, magrebiarrak erabiltzen dituzte langileri merke bezala, fruitu eta barazkien biltzeko bereziki.

Soziologoak halere kausitu du herrian plantatu den artzain xoil bakarra, Alpes-etarik jina, motibatua bezain filosofoa, bainan doi bat bakartia. Argazki iluna. Provençal [okzitaniera] hizkuntzaren bilakaera ez da aipatua ere, auzia trenkatua balitz bezala.

Alabainan, lan sakon horren irakurtzearekin, gurea datorkigu gogora. Ez gaude, naski, hortaratuak. Euskal kostaldea ez da arras oraindik Azur-ekoa, eta euskal mugimendu sozialak, bai laborarien artean baita orokorkiago, ekonomia, sozial eta kultural mailan, itxaropen pindarrak sortzen ditu. Bainan irriskua hor da. Euskal herriak baditu, Provence-ak bezala, hainbat herronka: lurraldearen erakargarritasuna, sos erretxaren tira lur jabeentzat, kontsumismoa eta indibidualismoaren gorakada, eta ez bakarrik kanpotiarren partetik. Lerratzea erretx, ageriko !