argia.eus
INPRIMATU
Laborari biologikoek martxan jarritako denda Donapaleun
  • 2018an ireki zuten Donapaleun Tokiko Bio Ekoizpenak denda, zazpi laborariren artean. Beren produktuez gain, inguruko nekazari gehiagorenak ere eskaintzen dituzte, batez ere ekoizpen ekologikoan diharduten nekazari txikienak.

Garazi Zabaleta 2020ko irailaren 03a

2018ko abenduan ireki zituen ateak Tokiko Bio Ekoizpenak dendak Donapaleun. Proiektua martxan jartzeko buru-belarri arituak ziren eskualdeko hainbat laborari aurreko hilabeteetan: “2018ko udaberrian hasi zen proiektua sei laborariren artean. Pixkanaka bilkurak egiten eta laborariak biltzen joan ginen, eta dinamikaren bukaeran elkartea sortu eta saltokia ireki genuen zazpi laborariren artean”, azaldu du Nicolas Mendiboure proiektuko kideak.

Hurbileko ekoizpen ekologikoak

Elkartea osatzen duten zazpi laborarien produktuez gain, inguruko nekazari gehiagorenak ere eskaintzen dituzte Tokiko Bio Ekoizpenak dendan, batez ere ekoizpen ekologikoan diharduten nekazari txikienak. “Elkarteko gehienak hemengoak gara, urrunen daudenak Donapaleutik 20 kilometro ingurura daude”, dio Mendibourek. Hori zen dendaren helburua: hurbileko laborari biologikoen ekoizpenak eskaintzea. Bertan ekoizten ez den urrunagoko produkturen bat ere badute salmentan, baina gutxiengoa dira.

Eskaintza zabala dute: barazki freskoak, ardi eta ahuntz gasnak, irinak, ogia, haragia, fruta, kontserbak, erreximentak, jogurtak, zukuak, garagardoak… “Hastapenetik erantzun ona izan dugu, baina egia da denborak aurrera egin ahala kostatu zaigula jendeari ulertaraztea laborari denda bat dela, ez dela supermerkatu handi bat eta dena beti eskura edukitzea ez dela erraza”, esan du ekoizleak. Pixkanaka ohitzen omen doaz bezeroak, dena den, eta mugimendu geroz eta handiagoa dagoela dio.

Elkarlana oinarri

Asteartetik ostiralera goizez eta arratsaldez eta larunbatetan goizez irekitzen dute Tokiko Bio Ekoizpenak denda. Langile bat kontratatua dute eguneroko salmentarako, baina elkarteko zazpi kideek ere dendako lanetan parte hartzen dute. “Gure produktuen salmenten arabera elkarteko kide bakoitzak sartu beharreko denbora kalkulatzeko modu bat daukagu: lanaren erdia kide guztien artean banatzen dugu, eta beste erdia berriz salmenta kopuruen arabera egiten dugu”. Esaterako, Mendibourek barazki freskoak saltzen dituenez eta salmenta kopuru handiagoak dituenez, beste kide batzuek baino ordu gehiago sartzen ditu.

Egonkortzeko bidean dago Tokiko Bio Ekoizpenak denda, eta ez dute bestelako ekimenak antolatzeko aukera gehiegirik izan proiektuko kideek momentuz. Egitasmoa martxan jartzeko orduan inguruko beste elkarte batzuen laguntza jaso dute, Idoki Euskal Herriko Etxe Ekoizleen elkartearena batez ere.