argia.eus
INPRIMATU
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta
  • Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko dute aukera.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 26a
Argazkia: Euskal Irratiak

Hamar urte daramate Ipar Euskal Herriko laborantza lizeoek eskaera egiten, eta baimena eman berri du Frantziako Laborantza eta Elikadura Subiranotasun Ministerioak. Esperimentazio gisa baimenduko da, baina esperimentaziotik harago sail normal bat zabaltzeko aukera izanen dela aurreikusten dute lizeoek.

Hain justu, Donapaleuko Jean Errecart eta Hazparneko Armand David lizeoetan martxan jarriko dute ele bitan aritzeko aukera berri hau. Erabakia gazteentzat irekitzen den ate berri bat dela adierazi du Hazparneko lizeoko zuzendariak Kazetan, batez ere “irakaskuntza elebidunetik edo murgiltzetik heldu direnentzat”. Donapaleuko lizeoko zuzendariaren hitzak ere jasotzen ditu Kazetak: "Berri biziki ona da".

Donapaleun, baxo orokorrari lotutako ataletan hasiko dira datorren ikasturtean euskaraz, eta ondoren baxo profesionalari lotutako arloetara zabalduko dute eskaintza. Hazparnen, baxo profesionalari lotutako arloetan euskaraz irakasteko prestatzen hasiak dira jada.

Hain justu, duela gutxi laborantza lizeoetan tokiko hizkuntzetako irakaskuntza sailak sortzea eztabaidatu zuten Parisko parlamentuan, eta besteak beste, Ipar Euskal Herriko laborantza lizeoetan euskaraz ikasteko aukera jarri zuten mahai gainean.