argia.eus
INPRIMATU
Trebatu elkartea
Laborantza iraunkorrean ekoizle berriak trebatzeko proiektua
  • "Geroz eta jende gehiago ari da laborantzara itzultzen edo lanbidez aldatzen honetan finkatzeko, eta zuzenean mundu horretatik heldu ez direnentzat tresna falta zegoela sumatzen genuen" Kattalin Sainte-Marie Trebatu elkarteko animatzailearen hitzak dira horiek. Laborantza munduarekin harreman handiegirik izan ez duten pertsonei finkatzeko ibilbidean laguntzea du helburu 2016an Ipar Euskal Herrian abiatu zuten proiektuak. Laborantzako trebagunea sortu dute horretarako.

Garazi Zabaleta 2020ko apirilaren 05

Baina, nola funtzionatzen dute trebatzeek? Elkarteak bi trebagune iraunkor ditu: bata baratzezaintzakoa eta bestea ardi eta ahuntz hazkuntzakoa. Bi gune horietan laborantzan finkatu nahi dutenek urtebeteko CAPE kontratua (enpresa proiektuak sustatzeko Frantziako estatuan existitzen den kontratua) sinatzen dute elkartearekin, bi aldiz berritzeko aukerarekin. Gune iraunkorrez gain, badira epe motzeko trebaguneak ere: laborariek, lurren jabeek edota Herriko Etxeek bultzatzen dituzte horietako gehienak, eta trebatzen diren jarduera ezberdinetako gune horietan bertan finkatu daitezke gero ekoizle berriak.

“Trebatzen denari bere esku lur bat, materiala eta behar dituen lan tresnak uzten dizkiogu, bere proiektua entseatu ahal izateko”, azaldu du elkarteko langileak. Gainera, trebatzen diren pertsonei hileroko jarraipena ere egiten diete: proiektua nola doan eta zein behar dituzten ikusteko eta gerorako beraien proiektua lantzen laguntzeko. “Laguntza teknikoa nahiz enpresa kudeaketari dagokiona ematen diogu formazio ezberdinen bidez”.

Elkarlanetik jaiotako ekimena

Nekazaritzaren eta bestelako kontsumo ereduen bueltan diharduten hamar egituren elkarlanetik sortu zen Trebatu. Horien artean daude ELB sindikatua, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Biharko Lurraren Elkartea, Lurzaindia, Inter AMAP kontsumitzaileen sarea edota kudeaketa eta konbatilitatean eta laborantzako formazio profesionalean diharduten zenbait egitura. Euskal Hirigune Elkargoa ere bada elkarteko partaide. “Laborantzako proiektu ugari biziki hurbil dira hemen eta elkarrekin ari dira lanean, batak bestea sortu du sarritan”, dio Sainte-Mariek.

Zortzi kide pasatu dira trebagunetik hiru urteotako ibilbidean, eta horietatik lau jada finkatu dira eta euren aktibitatea sortu dute. “Dena den, urteotan gu ere trebatzen ari ginela esaten dugu, gure funtzionamendua argitzen eta esperientzia hartzen”, argitu du elkarteko langileak. Orain proiektua gehiago ezagutzen dela dio, eta aurten bi kide hasiko dira trebatzen. “Baratzezaintzan trebatu nahi luketen bi pertsonentzat Xarrikota Peko trebagunean bi leku eskaintzen ditugu”, amaitu du.