argia.eus
INPRIMATU
Laborantza Ganbarako hauteskundeak igande honetan hasiko dira
  • Urtarrilaren 20an hasi eta hilaren 31ra bitartean Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko Laborantza Ganbarako bozak egingo dituzte. Sei urtean behin egiten dira boz horiek. LAB sindikatua bozetara aurkeztu da aurreneko aldiz.

Josu Urtubia @otxua 2013ko urtarrilaren 18a
ELB eta Biarnoko Confédération Paysannek parte hartuko dute hitzordu horretan.

45 kide ditu Laborantza Ganbarak, horietatik 21 laborariak. Gainera, lur jabeen, langileen eta hainbat talderen ordezkariak ere hautatuko dituzte igandan hasiko diren bozetan.

Aurten aipatzekoa da LAB sindikatuak parte hartuko duela. Sindikatuak bere barne egituran laborantzari eta agro-elikadurari buruzko atala sortu du eta Donapaleun aurkeztu zuten jendaurrean berriki.

LABen programaren puntu nagusiak honakoak dira: lan baldintzak hobetzea, soldata guztiak deklaratuak eta ordainduak izatea eta soldata txiki eta handien arteko diferentzia 2,5ekoa baino txikiagoa izatea. Gainera, kontratu prekario eta lanaldi partzial inposatuak debekatzea bultzatuko dute eta lan ordainen barnean kalitatezko formakuntza profesionala egiteko eskubidea izatea. "Euskal Herrirako lan negoziazio koadro berezia" sortzea da sindikatuaren eskaera orokorra.

Bestalde, ELBk eta Biarnoko Confédération Paysannek elkarrekin aurkeztuko dute zerrenda. "Laborantzak etorkizuneko bideak ireki ahal dituela sinesten dugu, enplegua eta irabaziak sortu ditzake eta lurraldeak biziarazi ditzake" beraien esanetan. ELBko kideek posible ikusten dute "laborariak kontsumitzaileak eta ingurumena elkartzen dituen laborantza bat eraikitzea".

Kanaldudek eta Euskal Irratiek hautsekundeen aurreko debateak antolatu dituzte eta beraien webgunean eskegi dituzte bideoak.