argia.eus
INPRIMATU
Miren Peñaren kasuan ez zegoela etxegabetze prozesurik martxan dio Laboral Kutxak
  • Laboral Kutxak komunikatua plazaratu du Miren Peña antsoaindarrak bere buruaz beste egin ondoren finantza erakunde horren kontra hasi diren protesten aurrean. Gezurtatu egin dute Peña etxetik kaleratzeko prozesua martxan zegoenik.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 24a
Euskal Herriko hainbat lekutan egin zituzten astelehenean elkarretaratzeak Miren Peñaren omenez. Argazkian Azpeitikoa (argazkia: Uztarria).

“Gure Entitateak ez du inolako erreklamazio-prozedurarik martxan jarri, hipoteka-mailegu horretako ordainketak egunean zeudelako; hau da, ez zuen inolako atzerapenik ez eta kuotarik zorretan”.

Laboral Kutxak egindako bakarra bezero baten eskaera bati erantzutea izan dela gaineratu dute mezuan: “Bezeroak zorra berregituratzeko prozedurari ekiteko eskatu zigun”. Entitateak dioenez, Peñari azaldu zion “eragiketak ez zituela Legean ezarritako baldintzak betetzen”.

“Emandako erantzuna ez zen Entitatearen azken erabakia, baizik eta Legeak horrelako egoerak ez zituela aintzat hartzen jakinarazteko komunikazioa”.

Laboral Kutxa “legea alde batera utzita”, Miren Peñaren eta euren artean irtenbidea aurkitzeko prest agertu zela ere adierazi dute idatzian.

Era berean, Miren Peñaren heriotza “bihotz-bihotzez” sentitzen dutela adieraz dute: “bere senide eta lagunei gure doluminak helarazi nahi dizkiegu”.