Txomin Garciak (Laboral Kutxako lehendakaria), Agustin Markaidek (Eroskiko lehendakaria), Xabier Mutuberriak (Oronako zuzendaria) eta Javier Sotilek (Mondragon Taldeko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutza alorreko lehendakariordea) Mondragon Taldeko batzorde kudeatzailea osatuko dute, presidente berria izendatu bitartean. Lehendakaritza hutsik dago urtarrilaren 17an Txema Gisasolak dimititu zuenez geroztik.
Garcia, Markaide, Mutuberria eta Sotil aukeratu ditu Mondragon Taldeak “etorkizuneko lan ildoak zehazteko” eta presidente berria hautatu bitartean “zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatzeko”. Bestalde, kooperatiba guztietako bazkide guztiek etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko oinarriak ipiniko ditu batzorde kudeatzaile izendatu berriak. Aurrera begirako ekinbideak, aukeratzeko dagoen presidenteak aurkeztuko ditu oraindik datarik ez duen biltzarrean.