Hamalau urteko mutiko gazte bat zen. Itxurari fidatu behar balitz, ez zuen arras erne erne haietarik iduri. Euritako jauntziak zituen, gure kanpañetan ardura soinean dauzkagun zira berde horietarik. Eta kanpotik sartu berria zen mutil gaizoa, busti bustia sokatik segitzen zitzaion zezen gorri ilun alimale hura bezalaxe!
Pariseko laborantza erakustoki erraldoi hartan, mutiko gazteak eta bere zezenak gibeletik atxeman dute Frantziako lehendakariaren multzo bitxia. Goizeko zazpietan abiatua zuen François Hollandek bere bisita urteroko saloinean, eta gidariak bazituen ibiltzeko hemendik ala handik, gelditzeko behi betroin zaharraren errapeari begira ala entzuteko deizteko robot berriaren balentriak.
Pentsa, nor hurbiltzen ahalko zitzaion presidentari ? Bat ala bestea bazuen beti eleketari ala aholkulari, baina bizkarrean zituen hainbat zaindari, berehala gibeletik zenbait laborarien buruzagi dena ttattar eta irri zuri… eta beste hainbat zaindari, bizkarrez ibilbideari, begiak denetan gure mendietako arrapariak iduri. Jende mulko mugikorraren gainetik, mikrofonoak haga luze batzuen puntan, kamera eta argazkilariak han baitziren aintzinago, edo batzuetan bazterretik bultzaka, tartea egin beharrez, lehendakaria hurbilagotik nahian.
Ez zen aldiz lotsa gure mutil gaztea, bere zezena sokatik zaukala. Gibeletik ari zen hurbiltzen ttattardun talde tinko eta bitxi horri, artetarik marmarikatzen zuela : “Ez du naski ene zezena ikusi nahi gure presidentak!”. Zaindariek ikusten zuten ba mutikoa hurbiltzen bere bitxoarekin, baina hauk ez dira heziak lanjer mota huntaz mesfidatzeko. Alta, ustegabeko lau urrats sendo egin balitu zezenak, tanpez akabo zitekeen Errepublika!
Maltxoa bezain maltxoa iduri zuen zezenak, eta gaizoa bezain gaizoa mutil gazteak. Noizbait konturatu da Le Foll ministro hanka luzea bazaukatela gibeletik bisitari berezia. Eta hurbildu zaio mutilari, goresmenak egin berehala zezenarentzat. Zoin arrazetakoa ere bazekiela balentriaz ari zen, -laborantza ministroa da prefosta-, baina ministroez ez zen axola mutikoa eta adierazi dio presidentari nahi ziola erakutsi animalia.
Abila ministroa, gauza guti baitira ministroak hor denean lehendakaria, iepa eta iepa hasi zaio François-ri : “Haugi nolakoa den ikustera zezen hori”. Noizbait entzun du zerbait Hollande-k, eta itzuli da gibelerat zaindari eta laborari milikarien eltze tinkoa urraturik. Ai mutilaren zoriona ! Atera du bere jauntzi bustien zolatik telefona modernoa, eta luzatu dio Le Foll ministroari har zitzan argazkitan presidenta, mutila bera eta zezen gorria.
Bardako aments eroa iduri luke ixtorio hunek. Bizkitartean gertatu den bezala kondatu dugu. Funtsean lekuko hor dira argazkiak, erakusten baitute ministroa bera argazkiaren hartzen. Ez da menturaz aurtengo Pariseko feriako gertakari nagusia izan. Ederki agertzen du politikariak itxuraren ondotik dabiltzala. Ongi erakusten du ere mutiko gazte baten nahikeriak traba guziak gainditzen ahal dituela…
Guhaur geroztik ari gara nolako zezena beharko genukeen sokatik lehendakariak eta bere ministroek entzun ditzaten gure behien marrumak, gure ardien arkumak, etxalde soilen arrangurak!