argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak kargutik kenduko du itxiera perimetrala errespetatu ez duen LABIko kidea
  • Bilbotik Mungiara (bi udalerriak eremu gorrian) golf zelaira korri egitera joan zela onartu du LABIko kide eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko kide Ibon Etxeberriak. Aire zabalean kirola egiteko herriz aldatzea debekatzen du LABIren azken aginduak, baina ez duela ezer okerrik egin dio Etxeberriak. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak otsailaren 9an, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan iragarri du kargutik kenduko dutela Etxeberria.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 09a

El Correok eman du argitara gertaturikoa.

Urtarrilaren 25eko EAErako azken aginduen arabera, aire zabalean kirola edo jardun fisikoa bakarrik egiteko ondoko herrira joatea ez dago baimenduta, ez bada kirol profesional edo erdi-profesionalen kasuan.

Hala ere, Etxeberriak dio ez duela ezer okerrik egin, eta horretarako argudiatu du Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzura deituz gero eta aire zabalean kirola egiteko eremu gorrian dagoen ondoko herrira joan ote gaitezkeen galdetuz gero, erantzuna baiezkoa dela, baina dokumentu ofizialetan ez dituztela oraindik irizpide horiek eguneratu.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du herrien arteko joan-etorriak debekatzen dituen dekretuko "letra txikia" interpretatzeko orduan irizpide ezberdinak egon balitezke, testuaren erredakzioa berrikusi beharko dela. "Ez gaude ados [Etxeberriak] arauaz egin duen interpretazioarekin, eta, horregatik, kargutik kenduko dugu zuzendari hori".