argia.eus
INPRIMATU
LABIk ostiralean erabakiko du koronabirusaren aurkako neurriak malgutuko dituen
  • Ostalaritzari eta kultur zein kirol jarduerei eragiten dieten neurriak dira aste honetan erabakiko direnak. Ekainaren 21ean sartuko lirateke indarrean. Ipar Euskal Herrian, gaurtik aurrera, maskararen erabilera ez da beharrezkoa izango kanpoaldean.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 17a
Urkullu lehendakaria, LABI batzordearen bilera batean. Argazkia: euskadi.eus

Urkulluk ekainaren 18rako deitu du LABI batzordea, indarrean dauden pandemiaren aurkako neurriak malgutuko dituzten eztabaidatzeko. Erabakien artean, establezimenduak gaueko ordu bata arte irekitzea, 'txokoak' zabaltzea eta kirol jardueretan publikoa baimentzea daude. 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150etik behera mantenduz gero, neurriok ekainaren 21ean aplikatuko lirateke.

Ostalaritzari, kirol jarduerei eta kultur ekitaldiei eragingo dieten gaiak dira ostiraleko 16:30etatik aurrera eztabaidatuko direnak. Establezimenduak irekitzeko ordua gaueko hamabietatik ordu batera arte atzeratzeaz gain, ostalaritzan baimendutako edukiera handitu egingo da. Mahaietan 4 pertsonatik 6ra igoko da gehienezko kopurua; piszina kanpoaldeetan eta hotelen terrazetan eta campingetan, %60 izango da aforoa.

Merkatuetan, ferietan, komertzioetan, erlijio guneetan eta ekitaldi kulturaletan ere handitu egingo da baimendutako pertsona kopurua. Barnealdean egiten diren ekintza kulturaletan, 600 lagun bildu ahalko dira, eta kanpoaldean egiten direnetan, 800 pertsona. Barneko kirola, berriz, hamar pertsonako taldeetan egin ahal izango da. Gainera, publikoa hurbiltzea baimenduko da lehen aldiz, %60ko edukierarekin: 800 ikusle egon ahal izango dira gehienez ere barneko kirol jardueretan eta 1.200 kanpoan egiten direnetan. Bestalde, 'txokoak' eta elkarte gastronomikoak ere zabaldu ahalko dira.

Neurriok Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri III planaren parte dira. Asteartean, pandemiari aurre egiteko plan horrek zehazten duen hirugarren mailatik bigarrenera igaro ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa. Izan ere, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150etik behera mantendu  zen lehen aldiz hamar hilabetetan. Jaurlaritzak ekainaren 16an kaleratutako txosten epidemiologikoaren arabera, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 137,79koa izan da (8,73 puntu jaitsi da ekainaren 15etik). Tasa hori mantentzea beharrezkoa izango da ostiralean eztabaidatuko diren neurriak ekainaren 21ean indarrean sartu ahal izateko.

Nafarroa eta Ipar Euskal Herria

Koronabirusaren aurkako neurriak gutxituz doaz Euskal Herriko gainerako eremuetan ere. Ipar Euskal Herrian aurreratu egin da ekainaren 30erako deituta zegoen arauen malgutzea (laugarren fasearen hasiera). Besteak beste, gaurtik aurrera maskararen erabilerari dagokionez, oro har, kanpo aldean ez da beharrezkoa musukoa jartzea, salbu eta jende pilaketak egoten diren leku gutxi batzuetan, esate batera, azoketan edo kirol ikuskizun zehatzetan. Nafarroan, berriz, ostalaritzako barnealdeko espazioetan, %30etik %50era igo dute baimendutako edukiera, eta irekitzeko ordua hamabiak arte atzeratu.