Pandemiaren aurkako neurriak mantenduko edo malgutuko dituzten erabakiko du Urkulluk. EAEn 303 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta intzidentzia metatua 112an dago.
LABI batzordea uztailaren 7an bilduko da pandemiaren aurkako neurri berriak zein izango diren erabakitzeko. IV. Bizi Berri plana, egoera epidemiologikoari aurre egiteko estrategia multzoa ere onartuko dute bilkuran.
Azken bilera ekainaren 18an egin zuen LABIk, eta orduan onartu zuten ostalaritzari eta beste hainbat sektoreri eragiten dizkieten neurriak malgutzea: establezimenduak irekitzeko ordua gaueko ordu biak arte luzatzea eta komertzioetan, erlijio guneetan eta ekitaldi kulturaletan edukiera handitzea, besteak beste. Batzordea hogei egun barru berriro biltzeko deia ere egin zuten, egoera epidemiologikoaren bilakaera aztertzeko.
Ekainaren 26tik hasita, Espainiako Ministro Kontseiluak kanpoaldean musukoa erabiltzeko derrigortasuna kendu zuen. Urkullu neurri horrekiko zalantzati agertu zen, eta hura onartu zen egun berean erabaki zuten EAEn osasun larrialdi egoera ezarriko balitz, maskara kanpoaldean erabiltzeko derrigortasuna ezartzea.
Bilera ez dute egoera epidemiologiko onenean egingo. Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen azken txostenaren arabera, 303 kasu berri antzeman dituzte, eta positibo tasa %4,2an dago. Hamalau eguneko intzidentzia metatua 112,7koa da: aurreko datuekin alderatuta, kopurua 7,14 puntu hazi da, apiriletik jazo den hazkunderik handiena.
Nafarroan ekainaren 18an malgutu zituzten pandemiaren aurkako neurriak. Ostalaritzaren ixteko ordua gaueko hamaiketatik gauerdiko hamabietara arte atzeratu zuten, eta edukiera %30etik %50era igo, besteak beste. Ipar Euskal Herrian, berriz, ekainaren 30ean zinemetako, museoetako, dendetako eta tabernetako edukiera muga kendu zen.