Bordeleko Instantzia Auzitegiak, Parisko Kasaziokoak egin bezala, LABen aldeko epaia eman du CGT sindikatuak berriki aurkeztutako helegiteari erantzunez. Lehenbiziko aldian erabilitako argudio berak agertu ditu CGTk bigarren honetan ere, LABek oso enpresa txikietako hauteskundeetara (TPE) aurkeztu beharko ez lukeela aldarrikatzeko: hark ez duela sindikatuen estatusa betetzen, euskaraz aritzeagatik eta Euskal Herriaren independentziaren borrokatzeagatik besteak beste.
Hasiera batean Bordeleko epaile batek CGTri arrazoia eman eta azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartean egingo diren TPE hauteskundeetan arte hartzeko eskubidea ukatu zion LABi. Epai hori atzera bota zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak, sindikatu abertzalearen helegitea aintzat hartuta. CGTk aukera zuen ostera ere Bordeleko Auzitegira jotzeko, eta halaxe egin zuen, baina hark, urriaren 18an emandako epaian, ez dio arrazoia eman sindikatu frantziarrari.
LABek ohar labur baten bidez eman du epailearen erabakiaren berri, eta afera behingoz gelditu eta “TPEen kanpainan lasai lan egin ahal izateko” itxaropena agertu du, sindikatuko bozeramaileek CGTren hurrengo urratsekiko nolabaiteko mesfidantza agertu badute ere.