LABek sindikatu profesionalen estatusa ez duela betetzen argudiatu zuen CGTk salaketa jartzerakoan. Sindikatu abertzaleak hilabete du errekurtsoa aurkezteko.
Hauteskunde sindikaletan parte hartzeko baldintzak ez dituela betetzen argudiatuta CGT sindikatuak LABen hautagaitzaren aurka jarritako helegitea onartu du Bordeleko Auzitegiak. Hala, kolokan dago sindikatu abertzalearen presentzia azaroaren 28tik abenduaren 12ra Ipar Euskal Herriko enpresa txikietan egingo diren hauteskundeetan. Erabakiari errekurtsoa jartzeko hilabeteko epea du LABek: Berriak aurreratu duenez, Kasazio Auzitegira joko dute.
“Sindikatu profesionalen estatusa ez betetzea” hartu zuen oinarri CGTk salaketa jartzerakoan. Euren ustez, “LABen hautagaitza ez dator bat balio errepublikarrekin”. Independentista gisa aurkeztea eta euskarari garrantzia emanez elebitasuna hobestea dira hartu dituzte adibidetzat.
Horrez gain, langileen eskubideak “esklusiboki ez defendatzea” leporatzen dio CGTk. Eñaut Aramendi LABeko kideak Berriari azaldu dionez, “langileen eskubideak defendatzen” jarraituko dute, eta ziurtzat jo du modu batean edo bestean hauteskundeetan egongo direla.
Lan ikuskaritzak hautagaitza ontzat eman ostean auzitegiak atzera bota izana “prozedura bitxia” iruditu zaio Aramendiri. Datozen egunetan jakingo dira helegitea onartzeko auzitegiak hobetsi dituen arrazoiak.
CGTren salaketa publiko egin zen momentutik zenbait eragileren babesa jaso du LABek. Tartean dira Sylviane Alaux diputatu sozialista eta Eusko Ikaskuntza. Ipar Euskal Herriko CGTren sekzio batzuk ere babesa adierazi diote sindikatu abertzaleari.
Korsikako sindikatu nagusia, jokoz kanpo
Ez da CGTk sindikatuen aurka egiten duen lehen aldia. Korsikako STC sindikatu abertzalearen hautagaitza debekatu zuen Parisko Auzitegiak uztailean, CGTk beste lau sindikaturekin jarritako salaketa baten harira. Helegite hura jartzeko LABi leporatutako argudioen parekoak erabili zituzten: besteak beste, balio errepublikarren aurka egitea eta Korsikaren autodeterminazio eskubidea defendatzea.